Borroka bategatik lau gazte atxilotuta

Guaixe 2016ko api. 12a, 15:29

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Foruzaingoak 20 eta 26 urte arteko lau gazte etxarriar atxilotu ditu. Iturri beraren arabera, apirilaren 3an, igande goizaldean, herriko taberna batean izan zen borrokarekin zerikusia lukete atxilotutakoek. 24 urteko iruindarra kolpatu omen zuten eta aurpegian zituen zenbait hausturengatik Iruñeko ospitale gunean artatu zuten.

Foruzaingoak zabaldu duenez, kolpeak jaso zituen iruindarra haren lagun baten eta Etxarriko koadrila baten arteko eztabaidan bitartekari izaten saiatu zen. Baina bera kolpatzen hasi omen ziren, gorputzean eta buruan. Iruindarra lurrera erori eta konortea galdu zuen. Foruzaingoa tabernan agertu zen, identifikazioak eginez eta lekukotzak jasoz. Apirilaren 5ean lesio delitua leporatu zioten 23 urteko gazte bat atxilotu zuten. Asteburuan 20, 24, eta 26 urteko hiru etxarriar atxilotu ditu. Eta poliziak pertsona gehiagori delituren bat leporatzea ez du baztertu. Iruñeko 1. Instrukzio Epaitegian dago auzia.