Etxarri Aranatz prest Emakumeen Birarako

Guaixe 2016ko api. 15a, 13:33

Gaur abiatuko da Emakumeen Birako 2. etapa, Etxarri Aranatzen, 15:30ean

Emakume txirrindulari onenak biltzen dituen XXIX. Nazioarteko Emakumeen Bira asteazkenean hasi zen Txirrindulariek izan zuten lehen froga, asteazkenekoa Iurreta-Iurreta (3,3 km) erlojupekoa izan zen eta Lotta Lepistö (Cervelo)  izan zen irabazlea 4:12 ko denbora eginez. Atzo lehen etapa jokatu zen, Eskoriatzan hasi eta despeditu zena (76,6 km). Atzokoan Emma Johanson (Wiggle) izan zen lehena Eskoriatzako helmugara iristen. Biran ez abiatzeko zorian egon bazen ere atzokoan etapa irabazi zuen suediarrak. Carmen Small estatubatuarra (Cervelo) jarri da lider orain sailkapen nagusian.

Gaur Emakumeen Birako 2. etapa dago jokoan, Etxarri Aranatzen hasi eta Urkiolako gainean (736 m ko 3. Mailako mendatea) despedituko dena. Etapa 15:30ean abiatuko da, Etxarri Aranazko plazatik, baina goiz goizetik mugimendua izan da Etxarrin. 14:30etik 15:20ra bitartean sinadura kontrola pasa beharko dute txirrindulariek eta proba prestatzen ariko dira taldeak. Etxarri Aranazko Udaletik gogorarazi nahi dute Emakumeen Bira dela eta, herri guneko hainbat eremu itxita egongo direla. Hortaz, arreta izateko deia egin diete herritarrei eta proba jarraitzera hurbilduko direnei.

Etxarri Aranatz-Urkiola etapa (109,4 km)
Emakumeen Birako 2. etapa gaur, ostiralean, 15:30ean abiatuko da, Etxarriko plazatik. Etxarritik Altsasuko norabidea hartuko du emakumeen tropelak –Bakaiku (15:35), Iturmendi (15:37), Urdiain (15:39), Altsasu (15:42), Olazti (15:48)–, eta Ziordiko gasolindegiko errotonda hartu eta gero (15:53), Arabara saratuko dira, Eginora (15:57). Lautadatik eta Barrundiatik ibili ondoren, Landatik Legutianora joko dute. Handik Urkiolako gainerako norabidea hartuko dute, bertako santutegian egongo baita helmuga (3. maila).

Udalak emakumea, kirola eta berdintasuna sustatu nahi ditu
Etxarri Aranazko Udaletik adierazi dutenez, “oso pozik” daude Emakumeen Birako etapa bat lehenengoz Etxarritik abiatuko delako. “Etxarrin, eta Sakanan, beti izan dugu txirrindularitzarekin harreman estua eta horrela jarraitu nahiko genuke, txirrindularitza sustatuz. Baina horretaz gain, Emakumeen Birako etapa sustatzearekin txirrindularitzan eta kirol guztietan emakumeen presentzia aldarrikatu nahi dugu. Emakumea, kirola eta berdintasuna sustatu nahi ditugu. Emakumeak erreferente izatea nahi dugu, eta gizonen kirolak duen oihartzuna lortzea, bai maila mediatikoan eta baita maila ekonomikoan ere” nabarmendu du Udalak.

Leire Maizak eta Joana Irastorzak moztuko dute zinta
Emakume kirolarien lana aitortzeko bide horretan, txirrindularitzan ibiltzen diren bi emakume etxarriarrek, Leire Maizak eta Joana Irastorzak, eginen dute Etxarriko etapari hasiera emango dion zinta mozketa, 15:30ean, Udalak gonbidatuta. Txirrindulariak dira biak, eta horretaz gain, duatloian eta triatloian ere aritzen da Leire Maiza.

Halaber, Etxarriko Udalak Emakumeen Birako etapa hasierara ikastolako eta eskolako neska-mutikoak gonbidatu ditu, puntako ekitaldi honetaz parte-hartzeko aukera izan dezaten.