Garagardo Festa Etxarrin

Guaixe 2016ko apirilaren 21a

Gaurtik igandera, eta bigarren urtez jarraian, jubilatu elkartearen parean jarritako karpan dozena bat garagardo mota dastatzeko aukera izanen da.

Garagardo Festak Etxarrin hartu duen karpak gaur, 19:00etan, zabalduko ditu ateak. Joan den urtean  gustura gelditu ziren emaitzarekin eta aurten errepikatzea pentsatu dute antolatzaileek. Antolakuntzan 20 bat etxarriar aritu dira, hainbat taldetan banatuta:  komunikazioa, eskaerak egiten, muntaian edota koordinazio lanetan. Karparen irekiera ordutegia, gaur eta bihar, 19:00etan izango bada, larunbatean 18:00etan irekiko da eta igandean 15:00etatik aurrera.

Jatekorik eta edatekorik ez da faltako karpan: kupeleko bost garagardorekin batera, botilako beste 6 dastatzeko aukera izanen da. Mahairatzeko aldiz, txerri ukondoa, bi saltxitxa mota, oilasko hegalak eta patata minak izanen dira. Gainera, ekitaldiak ere izanen dira: larunbatean, gauerditik aurrera, Luziano Show musika emanaldia eta, igandean, mus txapelketa azkarra. Azken horretan izena eman nahi duenak 15:00etatik aurrera du aukera; txapelketa 16:15ean hasiko da.