Osasunako futbol campusa Sakanara

Guaixe 2016ko api. 27a, 10:51

Etxarrik Osasunako hastapen campusa (4-8 urte) eta teknifikazio campusa (8-14 urte) hartuko ditu ekainaren bukaeratik uztailaren hasierara

Aurten Osasuna Fundazioak bere udako futbol campusak Iruñetik aterako ditu. Horietako bi futbol campus Etxarri Aranatzen eginen dira, euskaraz. Hortaz, Sakanako Mankomunitateak uztailean eskainiko dituen futbol campusez aparte, Osasunako Fundazioarenak ere badaude aukeran.  

Etxarri Aranatzen bi futbol campus eskainiko ditu Osasuna Fundazioak. Lehena 4 eta 8 urteko haurrendako hastapen campusa izango da, ekainaren 27tik uztailaren 1era eskainiko dena. Izena ematen dutenek bi aukera dituzte: 8:45etik 13:45era aritzea (125 euro) edo 8:45etik 15:00etara aritzea, bazkaria barne (160 euro). Haurra Osasuntxiki Klubekoa edo Club de Empresako kide bada, 20 euroko beherapena izango du. Bestalde, haurrak 5 kidetik gorako taldeetan etortzen badira, 10 euroko beherapena egingo zaie ikasleei, eta anai-arreben kasuan, 10 euroko beherapena eginen zaie.

Osasunako Etxarri Aranazko bigarren futbol campusa teknifikazio campusa izanen da, 8 eta 14 urteko haurrei eskainiko zaiena. Ekainaren 26an hasi eta uztailaren 3an despedituko da. Hemen ere bi aukera izanen dituzte haurrek: kanpoko campusa, 8:45etik 20:00etara, bazkaria barne (350 euro), eta barne campusa, aste osoko pentsio osoa barne (450 euro). Hemen ere aurreko campusean eskainitako beherapen berberak dituzte eskura izena ematen dutenek.

Futbolean murgiltzeaz gain, igerilekuez eta beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute ikasleek.

Bestalde, Osasuna Fundazioak emakumezkoen campusa eta atezainen campusa ere badauzka, baina hauek Iruñean eskainiko dira.

Izena emateko eta informaziorako
Deitu 948 249 316 telefonora edo sartu www.fundacionosasuna.com web gunera. Informazio gehiago: 948 293 040 telefonoa (bulegoak). Izena maiatzaren 13a baino lehen egiten duenak, 2015-2016 denboraldiko Osasunaren partida bat ikusteko 2 sarrera jasoko ditu (Osasuna-Numancia edo Osasuna-Huesca).