Jendetza Ama Lurra azokan

Guaixe 2016ko api. 28a, 18:18

Etxarri Aranatzen bildutakoek Sakanako ekoizleen produktuak dastatu eta erosteko aukera izan zuten.

Bosgarren urtea da Belardi elkartean biltzen diren Sakanako abeltzainek, nekazariek eta ekoizleek Etxarri Aranatzen azoka antolatzen dutela, Etxarri Aranazko Udalaren laguntzarekin. Igandean ospatu zen Ama Lurra azoka, eta espero baino jende askoz ere gehiago bildu zen bertara. Belardiko ekoizleek euren postuak jarri zituzten eta bertan lehen sektoreko produktu sakandarrak –gazta, ardoa, ogia, haragia, kosmetika produktuak eta beste– dastatu eta zuzenean erosteko aukera izan zen, herritarren eta ekoizleen zuzeneko harremana sustatuz. Horretaz gain, abeltzainek bere abelbururik onenak ekarri zituzten azokara: ardiak, txerriak, behiak, astoak, behorrak… Primerako giroa izan zen eta bertaratutakoek unean bertan erretako Euskal Txerria etxeko pintxoak dastatzeko aukera izan zuten ere. Antolatzaileak eta bisitariak, guztiak pozik azaldu ziren azokak izandako erantzunarekin.