Presoen osasunerako eskubidea aldarrikatzeko erakusketa

Guaixe 2016ko mai. 18a, 09:59

Igandean Etxarri Arantzen mustu ondoren Pello Marinelarena Imaz zenaren lanak Altsasuko Gure Etxea eraikinean izanen dira ikusgai asteburuan.

Pello Mariñelarena Imazen lanen errepiken bilduma bat da igandean Etxarri Aranatzen mustu zen erakusketa. Egilearen sormen lanaren aitortza izan nahi du erakusketak. Baina, aldi berean, aldarrikapen batere. Espetxean, batere osasun artatzerik gabe, hil zen etxarriarra, HIESak jota. Mariñelarenari bezala “larriki gaixorik dauden hamar euskal preso politikoei eskubideak azken muturreraino ez bortxatzeko” eta haien askatasuna aldarrikatzeko modua ere bada erakusketa.

Sakanako Sarek antolatu du Euskal Herrian barna batera eta bestera ibiliko den erakusketa ibiltaria, Guk ibilitakoak gureak dira izenburua duena. Asko izan ziren erakusketa bisitatu zutenak. Igandean estalopean mustutzearekin batera, Sarek antolatuta hainbat jarduera osagarri izan ziren. Iker Uribek eta laguntzaileek Mariñelarenaren Amaren etxea koadroarekin horma-irudia sortu zuten liburutegiko pareta batean. Eguerditik aurrera Artie Kalia taldekoek serigrafia tailerretik kamixetak eta poltsak atera ziren. Arte Bide talde altsasuarrak Mariñelarenaren olerkietan oinarrituz jendeak nahi zuena margotzeko aukera eman zuen. Olerki horiek, gainera, tabernaz taberna errezitatu zituzten Jon Arretxe idazleak, Maider Ansa kantariak eta Silvia Marañon Sare-kideak. Edor Zubeldia akordeoilariaren laguntza izan zuten horretan. Sarek erakusketa posible egin duten guztiak zoriondu ditu.