Goazen binaka korrika egitera!

Guaixe 2016ko mai. 20a, 11:45

Andra Mari ikastolako III. Binakako Lasterketa bihar jokatuko da, 16:30etik aurrera

Kirolzaletasuna eta elkartasuna bulkatzeko eta Andra Mari ikastola laguntzeko bihar, larunbatean, Andra Mari ikastolaren III. Binakako Lasterketa-Naparpellet Saria jokatuko da. Horretarako Etxarri Aranazko Udalaren, DYAren eta Berriaren laguntza izan dute eta Naparpelleten babesa. Aurreko urtean 153 bikotek hartu zuten parte, eta parte-hartzeari heldu nahi diote

Berdintasunaren alde, lilaz jantzita
Andra Mari ikastolatik adierazi dute aurtengo edizioaren leloa “berdintasuna” dela. “Emakume eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatu nahi dugu: berdintasuna enpleguan, hezkuntzan, politikan… eta kirolean ere. Horregatik lilaz jantzita etortzeko eskatzen dizuegu” adierazi dute. Sakanako Bilgune feministak eta Sakanan berdintasunaren alde lan egiten duten eragile desberdinek bat egin dute ekimenarekin eta bertan parte hartzera gonbidatu dituzte sakandarrak. Egun honetan ere Etxarri Aranazko haurren eguna antolatu dute gazteek, eta gazteak ere berdintasunaren alde lasterketan parte hartzera animatu ditu Andra Marik.

Binaka, 4 mailatan
Lasterketaren berezitasun nagusia binaka korrika egin behar izango dela da, hau da, haurrak heldu batekin batera egingo du laster. Bere gurasoa, osaba-izeba, lehengusua, bizilaguna, laguna edo dena delakoa izan daiteke.

Adin guztien parte-hartzea sustatzeko 4 maila desberdin egongo dira: haur hezkuntza (200 m), lehen hezkuntzako 1.go eta 2. mailak (400 m), lehen hezkuntzako 3. eta 4.mailak (800 m), eta Lehen Hezkuntzako 5. mailatik gorako guztiak (2.250 m). Azken kasu honetan haurrak beraien artean elkartu daitezke bikotea egiteko. Lehen hiru lasterketak udaletxe aurreko plazan izango dira eta azken ibilbidea herrian barna egingo da eta kontrolatua izango da, hau da, erritmo lasaia ezarriko duen txirrindulariaren atzetik joan beharko da.

Izena ematea
Lasterketa herrikoia eta irekia da, eta nahi duen guztiak parte hartu dezake. Egunean bertan, larunbatean, udaletxeko estalopean eman daiteke izena, 16:00etatik aurrera (bikoteko 4 euro). Lasterketa bukaeran auzatea izango da parte-hartzaile guztiendako.

Aurreko urteko argazki erakusketa
Aurreko urteko Binakako Lasterketan ateratako argazkien erakusketa eginen da udaletxeko estalopean eta aurten ere parte hartzen duten bikote guztiei argazkia egingo zaie.