129 bikote Andra Mariko Binakako lasterketan

Guaixe 2016ko mai. 24a, 13:37

Berdintasunaren aldeko mezuak zabaldu ziren Andra Mari ikastolaren III. Binakako Lasterketa-Naparpellet Sarian

Kirolzaletasuna eta elkartasuna bulkatzeko antolatu zen, larunbatean, Andra Mari ikastolaren III. Binakako Lasterketa-Naparpellet Saria. Lasterketa ez lehiakor honetan binaka aritu behar izan ziren bertan parte hartu zutenak. Lau mailatan jokatu zen proba: Haur Hezkuntza (200 m), LHko 1. eta 2. mailak (400 m), LHko 3. eta 4. mailak (800 m) eta LHko 5. mailatik gorakoak (2.250 m).
Txikien mailatan gurasoak txikiekin osatu zuten bikoa, eta helduenean neska-mutikoek batera aritzeko aukera izan zuten. “Oso ongi joan zen dena. Eguraldi ona, giro oso polita… handiek eta txikiek, guztiek pasa genuen ongi. 129 bikotek hartu genuen parte guztira eta ekimenarekin jarraitzeko asmoa dugu” adierazi digu guraso moduan antolatzaile lanetan aritu zen Amaia Gerrikagoitiak. Aurtengo edizioan emakume eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatu nahi izan dute Andra Mari ikastolak, eta eskatutakoari jarraiki makina bat pertsonek kamiseta morearekin parte hartu zuten proban. Bilgune Feministako ordezkariak ere izan ziren eta Etxarri Aranazko udaleko Silvia Marañon berdintasun zinegotziak hartu zuen hitza, “alor guztietan, baita kirolean ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna” aldarrikatzeko. Bukaeran Etxarri Aranazko Udalak emandako berdintasunaren aldeko bi kamiseta zozketatu ziren.