Lagun koadrila kantari

Guaixe 2016ko mai. 27a, 12:04
Juanpa Agirre izan da Tximeletak kantatzera gonbidatu duenetako bat.

Larunbatean, 22:00etan, Etxarri Aranazko plazan.

Etxarri Aranazko Euskal Festa ixteko musika jaialdia izanen da plazan. Saioa Jo ta txo disko-jartzaileak zabalduko du, 22:00etan. Bera arduratuko da plaza animatzeaz ere, 3:00etatik aurrera. Baina bitarte horretan bi talde pasako dira oholtzatik. Aurrena Tximeleta plaza taldea. Baina ez da bakarrik ariko, lagunekin baizik. Tximeletako kide Mikel Mundiñanok azaldu duenez, “kontzertu berezia da. Herriko eta Sakanako abeslari lagunez osatua, normalean oholtzan aritzen direnak edo eta noizean behin aritu izan direnak”. Helburuaz galdetuta, “herritarren parte hartzea eta kontzertu gustagarri eta desberdina” eskaintzea izanen dela azaldu digu.

Beraz, plaza taldearekin batera honakoak izanen dira kantari: Aitor Kanpion arbazuarra, Olatz Andueza,Anabel Arraiza eta Ibaitxo Hernaiz lakuntzarrak, Juanpa Agirre, Amets Larraza, Lur Larraza, Irati Lasa, Pox eta Xabier Mintegi etxarriarrak, Iñigo Muñoa, Ainhoa Ramirez de Alda eta Imanol Reparaz altsasuarrak eta Itxasne Mundiñano olaztiarra. Haien ondoren, 1:00etan, Arrasateko Arkada Social street-punk taldea ariko da.