Nazabalek merezitako omenaldia jasoko du

Guaixe 2016ko mai. 27a, 15:13

Igandean, 12:00etan, Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan

Floren Nazabalek aizkora uztea erabaki zuen 2015eko lastailaren 4an, Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketaren finala jokatu eta gero. Disko-hernia dela eta, oinaze askorekin ibili izan da Nazabal eta, arazoak ez zirela konpontzen jabetuta, azkenean, plaza utzi egin behar izan zuen Etxarriko txapeldun handiak. Euskal Herriko maila nagusian 6 aldiz eta Nafarroako lehen mailan 9 aldiz txapelduna izan den aizkolari handiak merezitako omenaldia behar zuela argi zuten bere inguruan dabiltzan aizkolariek eta Sakanako Aizkora Eskolakoek iganderako antolatu dituzte ospakizunak.

Omenaldian berarekin ibilitako aizkolariek, harri jasotzaileek eta trontzalariek erakustaldia eginen dute. Goizeder Beltzak esan digunez, 40 aizkolari inguru bilduko dira, Florenekin lana egin duten guztiak, Euskal Herri osokoak. Etxarri Aranazko Udalak ere parte hartuko du ekitaldian. Jakina denez, oroigarriak jasoko ditu Nazabalek eta aurreskua ez da faltako. “Omenaldi xumea antolatu dugu, handikeriarik gabekoa, bera ere halakoa delako, umila” gaineratu digu Beltzak.

Ondoren herri bazkaria antolatu dute frontoian. Txartelak salgai daude Etxarri Aranazko Xapatero, Derry eta Iturri Eder tabernatan (20 euro). Informazio gehiago: 606 239 008.

Floren Nazabalen palmaresa
Euskadiko lehen maila edo maila nagusiko aizkora txapelketak: 6 aldiz txapelduna (2002, 2004, 2007, 2008, 2009 eta 2012).  
Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketak: 9 aldiz txapelduna (2001, 2002, 2007, 2008, 2009, 2010, 2012, 2013 eta 2014).  
Nafarroako Bikotekako aizkora txapelketak: 8 aldiz txapelduna (1994. urtean Antonio Jaunarena bikote zuela, 1995. urtean Antonio Senosiain bikote zuela, 2002. urtean Juanjo Lopez bikote zuela, 2003. urtean Juanjo Lopez bikote zuela, 2005. urtean Juanjo Lopez bikote zuela, 2007. urtean Antonio Senosiain bikote zuela, 2010. urtean Jose Juan Barberena bikote zuela eta 2011. urtean Jon Rekondo bikote zuela).
Bikotekako Urrezko Aizkolariak: 3 aldiz txapelduna (2001ean Jose Migel Pañagarikano bikote zuela, 2005ean Juanjo Erdozia bikote zuela eta 2007an Juanjo Lopez Azpilikueta bikote zuela).
Banakako Urrezko Aizkolariak: 9 aldiz txapelduna (2004an, 2006an, 2007an, 2008an, 2009an, 2010ean, 2012an, 2013an eta 2014an).