Nazabalen azken aizkorakadak

Erkuden Ruiz eta Maider Betelu 2016ko mai. 30a, 09:49

Aizkolari handiari omenaldi beroa egin zioten Etxarri Aranatzen. Bere ibilbidean plazako lagun izan dituen aizkolari guztiak eta harrijasotzaileak ere izan ziren ekitaldian


Etxarri Aranatzen jokatutako Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketan hura bere “azken plaza” izango zela esan zuen Floren Nazabalek. Baina azken aizkorakadak “bere” plazan eman zituen aizkolari etxarriarrak, baina igandean. Izan ere, Sakanako Aizkora Eskolak, Etxarri Aranazko udalaren laguntzarekin, omenaldi beroa egin zion igandean, eta Nazabalek azken aizkorakadak egin zituen herrian.

Omenaldian Nazabalek urte luze hauetan izandako plazako lagunak egon ziren. 45 aizkolari inguru bildu ziren, Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Jon Rekondo, Miel Mindegia, Donato Larretxea eta beste hainbat eta hainbat. Jakina, Sakanako aizkolariak ere bertan ziren, Resano, Juanjo Erdozia, Goizeder Beltza eta beste. Aizkolari txikietatik hasita, helduetaraino, erakustaldi politak izan ziren Etxarri Aranatzen. Baita Sakanako Harri Jasotze Eskola eta Izeta eta Ostolaza harri jasotzaileen eskoletako neska-mutikoen altxaldiak ere.

“Etxarriko plaza beti izango da zurea”
“Omenaldi xumea egin nahi izan diogu, bere halakoa delako” adierazi zuen Sakanako Aizkora Eskolako Goizeder Beltza aizkolariak. Nazabalek, beste hainbat aizkolarirekin batera, sustatu zuen eskola. Horrela, Florenek “aizkoraren transmisioan” egin duen lana nabarmendu zuen Eneka Maizek, Etxarri Aranazko alkateak. “Asko diogu eskertzeko etxarriarrok Floren Nazabali. Floren garai guztietako aizkolaririk onenetakoa da, eta aizkolaritza maila goren-gorenera eraman du. Eta hori guztia Floren egunero-egunero, urtero-urtero lanari emana egon delako. Buru-belarri. Bizitza osoa kirolari eskainia. Aizkolari prestua, erregularra, paregabea. Betiere, dotoreziaz eta apaltasunez. Eta txapelketatik eta ospetik aparte aizkolaritzarekiko transmisioan egindako lana eskertzekoa da. Hemengo aizkolaritza eskola berak, beste kide batzuekin batera, sustatutako eskola da, indar handia hartu duena. Eskola erreferentziala. Lan herrikoia, parte hartzailea. Txapelik eta dominarik gabeko lana, baina saririk handiena mereziko lukeena, dudarik gabe” nabarmendu zuen Maizek, Florenek Etxarri Aranatz herriari Euskal Herri osoan emandako ospea eskertuz. “Etxarriko plaza beti izango da zurea. Zu beti izango zara gure plazako enborra” aitortu zuen, bukaeran, alkateak.  

Ohorezko aurreskua eta udaleko oroigarria jaso ondoren, Sakanako Aizkora Eskolako kideek hartu zuten hitza. Ikasleek esan zutenez, “melankoliak jotzen badio, badaki non gauden”. Aizkora eskolako Aitor Urteagak bertsoa eskaini zion, eta Nazabal beraien eredua dela nabarmendu zuen, bai aizkolari eta baita pertsona bezala. Oroigarria eskaini zioten gero.

Nazabal, eskertuta
Euskalerriari pilotalekua leporaino bete zen Nazabalen agurra ikusteko. Amaieran bi urteko semearekin enbor bat moztu behar zuen, baina Oihan semearen azken uneko lotsagatik, Nazabalek bakarrik aurre egin zion enborrari. Horiek izan ziren bere azken aizkorakadak. Nazabalek, hunkitua, “eskerrak” eman zizkion herriari eta udalari, baita omenaldia antolatu eta parte hartu zuten kirolari guztiei. “Ez nuen halako omenaldirik espero. Jende asko etorri da, plazako kide guztiak. Eta hori eskertzekoa da. Gustura sentitzen naiz” adierazi zuen. Urte luze hauetan zerekin geratzen zen galdetuta, “denarekin” erantzun zuen. “Euskal Herria ezagutu dut eta jende asko. Horrekin geratzen naiz. Eta baita gaurko egunarekin ere” nabarmendu zuen. Nazabalek aitortu zuen aizkora beste modu batean uztea gustatuko litzaiokeela, txapela batekin, baina gauzak diren bezala direla eta gauzak datozen bezala hartu behar direla. Familiari egin zion eskertza, ibilbide honetan berarekin gehien gozatu baina baita ere gehien sufritu dutelako. Ekitaldia herri bazkariarekin despeditu zen. 175 pertsona inguru bildu ziren bertan.

Txapeldun handia
Gazte hasi zen Floren Nazabal aizkorarekin. Aita eta osaba aizkolariak ziren eta haiengatik sortu zitzaion grina. 12 urte zituenean egin zuen bere lehendabiziko plaza, Iruñeko Sanduzelai auzoan. 14 urterekin, anaiarekin batera, Euskadiko Gazte Mailako Txapelketa irabazi zuen. Ordutik, Euskal Herriko plaza askotan egon da. Puntako aizkolaria, sari asko irabazi ditu eta txapeldun handia izan da. Kirolari gutxik lortu dute Nazabalek lortutako palmaresa. Nafarroako Aizkora Txapelketako irabazlea izan da –9 txapel ditu–, Euskal Herrikoa –6 txapel ditu–, eta Urrezko Aizkorako txapeldun handia –9 txapel ditu–, baita Donostiako Urrezko kopa ere. Munduko aizkolarien kontra aritu zen, Jose Mari Olasagastirekin batera, Munduko Txapelketetan, eta txapeldunak izan ziren. Aizkolaritza goren-gorenean jarri zuen Nazabalek. Tamalez, gerrialdian izandako arazoek, disko-hernia tarteko, ibilbidea zaildu egin zioten etxarriarrari eta, asko sufritu ondoren, azkenean aizkora utzi egin behar izan zuen 2015eko Nafarroako Lehen Mailako finala jokatu eta bigarrena sailkatu ondoren, gerrialdeko arazoak ezin gainditu. Hala ere, igandean txapel berezia jantzi zuen etxarriarrak, apalean ongi gordeko duena, herri kirolen munduak emozio handiz eskaini ziona.