Adur Lasak Garferekin Etxarri Aranatzen debutatuko du

Guaixe 2016ko eka. 2a, 16:31

Ekainaren 18an jokatuko da partida, Euskalerriari pilotalekuan. Xalarekin bikotea osatuko du Lasa IV.ak, Titinen eta Beginoren kontra aritzeko

Garfe enpresa errioxarrak pilotari bat gehiago du bere plantilan: Adur Lasa. Etxarriarrak 2016-2017 denboraldirako sinatu du Garferekin. Orain arte afizionatuen mailan aritu da Adur Lasa, azkenaldian Doneztebeko Erreka klubean, baina aurki Garfe enpresarekin debutatuko du Oscar Lasa pilotari handiaren ilobak, Lasa IV.a izenarekin.
Hain zuzen ere jaioterrian debutatuko du Lasa IV.ak, ekainaren 18an, larunbatean, 22:00etan Euskalerriari pilotalekuan hasiko den jaialdian. Atzelari etxarriar gazteak Xalarekin osatuko du bikotea, Titinen eta Beginoren kontra aritzeko.

Adur Lasa ilusionatuta dago ibilbide berriarekin, eta Garfe enpresatik adierazi dutenez, joko maila handiarekin ikusten dute etxarriarra.