Sakanako musika sorkuntzatik artelanak

Guaixe 2016ko eka. 6a, 08:33

Gaurtik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara, Etxarri Aranazko kultur etxean ikusgai. Gaur mustutze ekitaldia izanen da.

Musikart erakusketa Andra Mari ikastolaren arte proiektuaren 3. edizioaren emaitza da. Sakanako ikastolek bi urtean behin aurrera eramaten duten egitasmoa horren bidez ibarreko sortzaileen sorkuntza lanak ikasleen sormen lanerako bitarteko bihurtzen dira. Literatura eta eskultura langai izan ondoren, aurten musika izan dute Andra Mari ikastolako ikasleek (HH 3, LH 1., 3., 5. eta 6. eta DBH 2 eta 4).

Hala, Vendetta, Tximeleta, 4nek, Hesian eta Kaotiko taldeetako kideen bisita jaso dute. Kantuen sortze prozesua, taldearen ibilbidea, biografia… Datu horiek jaso zituzten ikasleek eta haietan oinarrituta, egileak bere abestian edo abestietan esan nahi izan duen hori artelan batean bihurtu dute.  Taldeka egindako lana izan da eta bakoitzak zer irudikatu, zein teknika erabili... adostu du. Materialak lortu ondoren elkarlanean sortu dute.