Kanpinak 20 urte, eta asteburua ospatzeko

Guaixe 2016ko eka. 3a, 11:17

Lau izarreko kanpina da, maila gorenekoa. Bungalowetan eta aterpean 50na plaza ditu eta 125 plazetan beste 500 pertsonendako tokia.

Danbolintxulon dagoen Etxarri Aranazko kanpina, hasieratik, 1996an zabaldu zenetik kudeatzen dute Floren Vicentek eta Montserrat Lopezek. Eta asteburuan urteurrena ospatuko dute. Vicentek Bioitza kanpineko eskarmentua zuen ordurako: “Nafarroako Gobernuak Urbasa-Andia natur parke izendatzean kanpaldi libreak arautu beharra ikusi zuen eta horrela sortu zen Bioitzako kanpina 1992an”.

95ean utzi zuen Vicentek eta Cederna-Garalurren bidez jakin zuen Etxarrin egitasmoa zegoela. “Ideia zaila zen kanpin eta turismo kulturarik ez zegoelako”. Erronkari heldu eta lehen lauzpabost urteak “zailak” izan zirela gogorarazi digu Vicentek: “bezeroak sortu eta inbertsioa egin behar zen”.  Aldi hori pasata, egitasmoa egonkortzen hasi zen eta horrekin batera inbertsioak egiten hasi ziren. Azken handia 2007an izan zen aldagela, taberna eta jatetxea berritzearekin batera squash pista eta kiroletarako pista egin zirenean. Vicentek azaldu digunez, “etengabeko eboluzioan dago arloa da. Inbertsioak egitera behartzen zaitu. Haria galtzen baduzu bezeroa galtzen duzu”. Haiek inbertsioekin asmatu eta lehiakorrak direla uste du Vicentek.

Bezeroak eta Enneco
Bizkaia, Nafarroa eta Kataluniakoak dira bezero gehienak Etxarri Aranazko kanpinean. Udan holandar eta frantziar batzuk ere izan daitezke. Beneluxko (Belgika, Herbehereak eta Luxenburgo) bezeroa landu dute, horretarako hainbat azoketara joan direlarik. “Ez da inbasioa, osagarria da. Berdea eta mendia gustatzen zaie. Familian etortzen dira eta jatetxean afaltzen dute. Errespetu handikoa da eta gauza bera eskatzen du, ordutegiak betetzea, garbitasuna… Kanpinetan ibiltzen tradizioa dute”. Udatik kanpo pasan diren ingelesen geltokia ere bada.

Azken aldian ETBn kanpinaren publizitatea ikusi da. Vicentek eman digu arrazoia: “Iparralde landu nahi dugu. Ingurune ederra eta euskalduna nahi duten familien eskaera dago. Haien seme-alabek euskara praktikatu nahi duten familiak dira”. Bestalde, aurten Osasuna fundazioarekin euskarazko futbol campusa antolatzen saiatu dira baina ez da atera, heldu den urtean ahaleginduko dira.

Kanpinaren aldamenean eraikitzen ari den Enneco, haritzaren memoria interpretazio parkeak Sakanan, Etxarri Aranatzen eta kanpinean izanen duen garrantzia nabarmen du du Vicentek. “Gaur egun aterpera Lehen Hezkuntzako ikasleak etortzen dira eta Etxarriko Mugaipe enpresarekin jarduerak egiten dituzte. Ennecok DBHko ikasleak erakarriko ditu. Zein ikasle mota diren aztertu beharko litzateke eta horren arabera aterpea handitu. Konponketa, behintzat behar du”. Enneco martxan jartzen denerako haiek kanpinaren kudeaketa utzi eginen dute, 2018ko abenduan bukatzen da kontratua. Vicentek esan digunez, “ordurako adin bat izanen dugu eta beste gauza batzuk egiteko garaia izanen da”.

Egitaraua
Garagarrilak 3, ostirala
20:00etan Pintxo-potea.
23:00etan Karaokea (garagardoek eta konbinatuek prezio berezia).

Garagarrilak 4, larunbata
11:30etik 13:30era Puzgarriak eta aparra.
16:00etatik 19:00etara Puzgarriak eta aparra.
20:00etatik 21:30era Pintxo potea.
21:30ean Afari berezia.
1:00etan Ladies Bragies hirukotearen emanaldia.

Garagarrilak 5, igandea
12:00etatik 14:00etara Poteoa txarangak alaituta.
14:30ean Herri bazkaria.

Oharrak:
Eguraldiagatik ekintzaren bat ez bada egiten, beste egunen batean eginen da.
Larunbateko eta igandeko menuak kanpineko tabernan ikusgai daude. 

Igerilekua
Pasa den larunbatean zabaldu zituen ateak igerilekuak eta irailaren 11ra arte zabalik egonen da. “Eguraldiak laguntzen badu, sasoia egun batzuk luzatuko genuke”. Igerilekua erabili nahi dutenek sasoi guztirako txartela kanpinean bertan egin dezakete. Aurten berritasun bat dago, familia ugariek deskontua izanen dute: %20 familiako kide guztiek txartela ateratzen badute eta %10 soilik familiako kide batzuk badira.