Pasa zen astean, Polizia Nazionalak lau adin txikiko atxilotu zituen, horietako bi Andra Mari Ikastolako ikasleak ziren. Iruñeko polizia-etxean abokatuaren laguntzaz deklaratu ondoren, aske gelditu ziren. Martxoaren 17an izandako LOMCEren aurkako ikasle protestan desordena publikoa eta autoritatearen aurkako atentatua leporatu diete. Aurretik beste 18 gazte atxilotu zituzten.
Adin txikikoak gurasoak eta Ikastola abisatu gabe kalean polizia kaputxadunek atxilotu zituzten. Aukera bazeukaten deklaratzeko hitzordua helarazteko, baina nahiago izan zuten gazteak eta bere ingurukoak izutuko zituen beste modu hau erabiltzea.
Zoritxarrez azken garaietan ikusten ari gara nola kazetariak, antzerkigileak, txiolariak, sindikalistak, e.a. adierazpen askatasuna erabiltzeagatik atxilotuak diren. Gaurko marko legalak eskubide zibil eta politikoak kolokan jartzen ditu. Jarrera kritikoa, ezadostasuna azaltzea, gure buruaren jabe izatea, aniztasun sozial eta politikoa zigortzen dira. Kasu honetan, inposatutako LOMCEren aurkako ikasleen bidezko borroka jendetsua kriminalizatu nahi da.
Hezkuntza eragileei LOMCE legeari aurre egiteaz gain, dei egiten diegu egunez egun eta ikastetxez ikastetxe gure Hezkuntza Sistema Propioaren eraikuntzan inplikatzeko.
Hau guztia dela eta, igandean arratsaldeko 18:00etan Etxarri Aranatzeko plazan “IKASLEAK LIBRE!” lelopean Libre! eta Ikasle Abertzaleakek deituriko kontzentrazioan parte hartzera gonbitea luzatu nahi dugu.