.. santura

Guaixe 2016ko eka. 16a, 08:08

Asteleheneko ospakizunari gaurko San Adrianerako erromeriak hartuko dio lekukoa. Txistulariak lagun dituztela udaleko kideek 9:00etan basorako bidea hartuko dute. 5 km-ko bidea egin ondoren, 11:00etan denendako jan-edanak izanen da; lehenik, fritada (haragi gisatua) eta, ondoren, zopa (fritadaren saldarekin egina). Ardo kupelak jatekoak despeditu ondoren zabalduko dira eta ilundu arte ez dira itxiko. Gosaldu ondoren suak prestatu eta burduntzietan haragia erretzen jarriko dute hainbatek. Familiaka gosaltzeko aukera ere ez dute galduko askok. Eguerdiko elizkizunaren ondoren, 13:00etan, dantzariak ere ariko dira.

15:00etan lehertuko den etxajuak bazkal garaia dela iragarriko du eta etxarriarrak ez dira mahaitik jasoko txistulariak pasa arte. Mahaien artean lehen jotak eta porrusaldak dantzatuko dira. Ordurako trasteak jasotzen hasiko dira. Etxarrirako bidea hartu aurretik Gernikako Arbola kantatu eta txistuaren doinura kalejira luzeari ekinen diote etxarriarrek 19:00etan. Bideak eragindako egarria arintzeko ardo kupelak daramatzan udaleko kamioiak lau geldialdi eginen diru. Azkena afaltzeko erabiliko dute askok. Gauerdiaren aurretik iritsiko da kalejira herrira, azken zati luzean dantzakia dantza eta dantza daudela. Udaletxe pareko azken dantzakiaren ondoren Oharkabe taldean dantzaldia eskainiko du, 20:00etatik 21:00etara eta 22:30etik 2:30era.