Haurrendako kontzertua

Guaixe 2016ko eka. 10a, 12:55

Igandean, 18:30ean, Etxarri Aranazko Andra Mari ermitan Etxarriko abesbatza txikia.

Ikasturtea despeditzeko kontzertua eskainiko du Etxarriko abesbatza txikiak etzi Jasone Razkin eta Elena Garziandiaren zuzendaritzapean. Azken horrek esan digunez, “kontzertu dibertigarria, ezberdina izanen da. Haurrei zuzendutakoa da, ausartagoa.” Kantuan 6 eta 14 urte bitarteko 59 haur ariko dira. Gehienak, 40 bat, etxarriarrak dira. Baina haiekin batera Lakuntzako, Arbizuko, Bakaikuko eta Altsasuko haurrak ere badaude.

Denekin batera ezin denez ongi lan egin, ikasturte honetan adina kontuan hartuta, Razkinek eta Garziandiak bi talde egin dituzte. Hala, ostiraletan, 17:30ean, haur koxkorrenekin entsegua izaten dute, 45 minutuz. Denbora hori pasata, ordu laurden batez abesbatzako kide guztiak aritzen dira kantuan eta, bukatzeko, azken ordu erdia txikienak batera. “Horrela, talde bakoitzarekin gauza ezberdinak lantzen ditugu, baina baita elkarrekin aritzea ere”, azaldu digu Garziandiak. Ikasturtean bi kontzertu ematen dituzte, eguberrietan (helduekin) eta etzikoa, ikasturtea despeditzeko.

Etxarriarrak aitortu digu abeslarien baratza badagoela. “Txikienen kantu prestakuntza da helburua, Etxarri Aranazko abesbatzara jauzi egin dezaten”. Garziandiak jakinarazi digunez, eguberrietan handien kontzertuko obra batzuk kantatu zituzten txikien abesbatzako bost kide nagusik. Eta hala egin dute ondoren ere, “esaterako Erriberriko emanaldian hiru abesti kantatu zituzten. Halakoetan nagusien ostiraleko kontzertuaren zati batera joaten dira. Pixkanaka sartzen dira”, esan digu Garziandiak. Etxarriko abesbatza txikian sartu nahi duena, igandeko kontzertuaren ondoren zuzendariengana hurbiltzea besterik ez du egin behar.