Bakaikoa eta Erasun ETB-Enpresen Liga Torneoko txapeldunak

Guaixe 2016ko eka. 20a, 10:54

22 eta 16 irabazi zieten Errandoneari eta Olaizola II.ari

Aspek eta Asegarcek, ETB-Enpresen Liga Torneoa antolatu zuten asteburu honetarako, pilota profesionalak lehenengo aldiz oporrak hartzen zituela eta, hutsune hori betetzeko. Afizionatuen mailako torneoa zen, Asperekin eta Asegarcerekin aurre-kontratua duten pilotarien artekoa. Esperimentuak ongi funtzionatu du, maila handiko partidak eskaini baitzituzten torneoan aritu diren Ugalde-Martinez, Errandonea-Olaizola III.a, Bakaikoa-Erasun eta Peña-Mariezkurrena bikoteek.

Joanes Bakaikoa etxarriarrak Erasunekin osatu zuen bikoa. Eta primerakoa, gainera. Larunbatean jokatutako finalerdian Peña eta Mariezkurrena 17 tantotan utzi zituzten. Bakaikoa Peña baino hobe aritu zen aurreko koadroetan. Horrela, Ugalde eta Martinez bidean utzi zituzten Errandonea eta Olaizola III.a izan zituzten aurkari Bakaikoak eta Erasunek, igandean Beran jokatutako finalean.

Final ikusgarrian, Joanes Bakaikoa lau pilotarietatik aktiboena izan zen. Ander Erasun ongi aritu zen atzeko koadroetan, Olaizola III.a kontrolatzen jakin zuen eta une askotan nafarra dominatu egin zuen. Kantxan oso ongi kokatzen jakin zuten Bakaikoak eta Erasunek. Ander Errandonea tantoa bukatzeko presa gehiegirekin ibili zen, eta tanto luzeetan gainditua ikusi zuen bere burua. Partida hasi eta berehala markagailua Bakaikoaren eta Erasunen alde jarri zen. Bakaikoak izugarri defendatu zuen eta lehiakor jokatu zuen; ederki estutu zuen Errandonea. Erasunek ere eskuinarekin bikain jo zuen eta ezkerrarekin ongi defendatu zuen. Tantoak luzatu eta gogortu zirenean Olaizola III.a sufritzen hasi zen. 13 eta 4 aurreratu ziren Bakaikoa eta Erasun, Errandonea eta Olaizola III.ak egindako akatsengatik, bereziki. 13 eta 8 gerturatu ziren nafarrak, baina etxarriarra eta gipuzkoarra 16 eta 11 aurreratu ziren segidan. Erasunek oso akats gutxi egin zituen eta Bakaikoak kantxan egoten jakin zuen, presa gehiegirekin aritu ziren Errandonea eta Olaizola III.aren aldean. Bukaeran, hiru gantxo eta txokoan egindako geldialdi bikainarekin, Joanes Bakaikoak eta Erasunek 22 eta 17 irabazi zuten torneoa. Asegarcerekin aurre-kontratua duten bi gazteek oso kontuan hartzekoak direla erakutsi zioten enpresari.