Zorri Azokak jantzigintzaren trapu zikinak erakutsiko ditu

Guaixe 2016ko eka. 24a, 11:30

Larunbatean, 11:00etatik 14:00etara Etxarri Aranazko plazan

Egitasmoa berraztertu ondoren, Zorri Azokan biltzen diren ekoizleek azoka baino zerbait gehiagorekin bueltatu nahi zuten. Hala, hileroko maiztasuna baztertu eta urtean lauzpabost iragartzera pasa ziren. Gainera, azoka bakoitzean sortzen den topagunean gizarte gai bat lantzeko asmoa dute eta egungo gizartean alternatibak, bestelako aukerak, daudela erakutsi nahi dute. Halakoak gonbidatuen laguntzarekin eginen dituzte.

Bihar Setem erakundea izanen da Zorri Azokan. Kafe-tertulia izanen da eta hura baliatuz Setem-ek bi kanpainen berri emanen du: arropa garbia eta aldatu zure zapatak. Aurreneko kanpaina ehungintzako langileen lan baldintzak hobetu eta langileei botere gehiago eman nahi die. Horretarako bi ildo lantzen dituzte: kontsumitzaileak kontzientziatu eta langileen lan baldintzak egokiak direla ziurtatzeko enpresei presio egitea. Arroparekin gertatzen den moduan bigarren kanpaina oinetakoen hornidura kate etikoa, jasangarria eta gardena eskatzen ari da Europan.

Moda desfilea ere hartuko du Zorri Azokak. Pantxika Lamur eta konpainiak modelo lanak egin eta  bertan sortutako arropa eta oinetakoak erakutsiko dituzte Etxarri Aranazko pasarelan. 12:30etik aurrera Zapatari, Erabili eta Setem-en jantzi eta oinetakoak erakutsiko dituzte.

Azoka

Barazki ekologikoak, bertako produktuak, artisautza, artea, elkartasun gunea, erakundeen informazio eta zabaltze gunea eta musika. Horiek dira Zorri Azokaren oinarrizko osagaiak. Horiei gonbidatuak gehitzen zaizkie. Oraingoan: Izaskun txotxongiloak, Zapatari oinetako egilea eta Txus Grutzeta bitxigilea. Azokakoekin harremanetan jarri nahi duenak zorriazokainfo@gmail.com e-postaren bidez edo Facebook bidez egin dezake.

 

Erlazionatuak