Beste txapela bat Bakaikoarendako eta Lasarendako

Guaixe 2016ko eka. 27a, 10:33

Euren klubak, Errekak, Berria Txapelketa irabazi du

XIII. Berria Txapelketako finala jokatu zen igandean Hernanin, goitik behera beteta zegoen udal pilotalekuan. Doneztebeko Erreka klubak eta Azpeitiako Ilunpe klubak jokatu zuten finala. Kadeteen, gazteen eta nagusien partidak jokatu ziren. Kadeteen finalean Ilunpeko Iriartek eta Egigurenek irabazi zuten, 11 eta 22 Errekako Telletxeari eta Apezetxeari. Gazteen mailako partidan berdintzea lortu zuen Errekak, Salaberriak eta Mariezkurrenak 22 eta 10 hartu baitzituzten menpean Ilunpeko Alberdi eta Odriozola. Hortaz, txapelketa nagusien mailako partidak erabaki zuen.

Indartsu hasi ziren Errekako Joanes Bakaikoa eta Adur Lasa etxarriarrak. 11 eta 1 aurreratu ziren berehala. Berria egunkariak jasotzen duenez, Lasak sendo jokatu zuen atzean eta Bakaikoa distiratsu aritu zen aurrean. Azpeitiarrek gora egin zuten eta 12 eta 8 hurbildu ziren, baina gerturatzen zirela ikusita, etxarriarrek gora egin zuten eta, azkenean 22 eta 9 irabazi zuten. Horrela, Berria txapelketako lehen txapela eskuratu zuen Doneztebeko Errekak. Garferekin debutatu berri duen Adur Lasa etxarriarrarendako sari polita eta aurreko astean ETB-Enpresen Ligako Torneoko txapeldun Joanes Bakaikoarendako ere bide onean segitzen duenaren aitortza.