Trail-usaina

Marian Mendiola Barandalla 2016ko uzt. 15a, 08:01

kolaboratzaileak

Gure herrian antolatu den Triku Trailaren aitzakian, azken hilabetetako baso-ibilaldien taupadak era askotakoak izan dira. Taup-taup ezberdindunak ibili gara aldamenean eta bide-lagun; batzuk karakolaren pausoan ttirriki-ttarraka gelditu gabe eta besteak orkatzen moduan, arin-arin.

Ekimen honen antolatzaile, sustatzaile eta parte-hartzaileei zoriontzeko makina bat arrazoi badira ere, gogoan lau ditut.

Lehenengoa, basoan sortutako giroagatik. “Trail-useittube” zerion beheko basoari, trikuz trikuko ibilbideari eta Bargari, eta giro hori barreiatzen jakin izan dute, bai oinezkoei baita bizikletan dabiltzanei ere.

Bigarrena, ibilbideko markak eta zintak denborarekin jartzeagatik, aproposak izan baitira gure beheko basoan arrastinatu gabeko bazterrak ezagutzeko. Orientazioan eta ibilbideen ezagutzan trakets ibiltzen garenontzat ezinbestekoak suertatzen zaizkigu horrelako markak, Grimm anaien ipuinetako “Hansel eta Gretel” eta “Erpurutxo” modura ibiltzen baikara askotan, harrien arrastoak jarraituz, basoan ez galtzeko eta etxeko bidea aurkitzeko.

Hirugarrena, trikuharrien bideetatik ibiliaz toki zoragarriez gozatzeaz gain, Jentinzuloak ezagutzeko esperientzia paregabea eskaintzeagatik.

Laugarrena, herrian betidanik ezagutu ditugun mendi-lasterkariei, gaur egun puri-purian dagoen kirola, ohorezko leku bat emateagatik. Mendian korrika ibiltzen direnak sasoiaren isla direla esaten da, “makina” hots egiten zaie. Eta beste aldean oinezkoak daude, halako gutxiespen sentimendu edota konplexu modukoarekin lasterkariekin  alderatzen direnean.

Baina, kontuak kontu, bidea oinez ala korrika egiteko edo ibilian ibiltzeko hainbat modu daude eta bakoitza arrazoi desberdin baten ondorioa izaten da. Gainera, susmoa dut era honetako ekimenak guztion mesederako direla; mendizaletasunaren pizgarri, gozamen iturri, zirraragarri eta askatasunaren arra pizteko lagungarri direlako.

Horregatik guztiagatik, bejoindeizuela trailzaleoi!!!