Lehen maila Sakanan: Osasuna vs Eibar

Guaixe 2016ko abu. 9a, 09:36

Etxarri Aranatzen, agorrilaren 12an, 19:00etan, Etxarri Aranazko futbol zelaian

Normalean telebistako pantailetan edo, bestela, lehen mailako futbol zelai erraldoietara joanez, ahal duenak, jakina, ikusten ditugu lehen mailako futbol partidak. Baina aurten Etxarri Aranazko futbol taldeak egindako lanari esker, lehen mailako futbola gurera etorriko da. Izan ere, aurre denboraldiko lagunarteko partida jokatuko dute aurten lehen mailara igo den Osasuna taldeak eta lehen mailako aurreko denboraldian lan bikaina egin zuen Eibarrek. Etxarrik bere garaian Osasunako lehendakari-ohia izandako Javier Bakaikoa Martich etxarriarra omendu nahi du, aldi berean Etxarri futbol taldeko laguntzailea izan zena. Eta omenaldi horrekin bat egin du Osasunak.

Osasunaren eta Eibarren arteko partida agorrilaren 12an jokatuko da, ostiralarekin, 19:00etan Etxarri Aranazko San Donato futbol zelaian (txarteldegia 17:30etik zabalik). Partida hasi baino lehen omenaldia egingo zaio Bakaikoa Martichi. Etxarri Aranazko futbol taldeko kideek egun horretan futbol zelaira oinez joateko deia egin diete etxarriarrei.

Oharrak
Neurketak jende asko erakarriko duenez, klubetik etxarriarrei futbol zelaira oinez joateko eskatu die. Aldi berean, trafikoa arintzeko norabide bakarreko bide bihurtuko dira egun horretan Eragatik futbol zelairako bidea, ibilgailuak sartzeko, eta futbol zelaitik Aritzeta kalera (Mataderoko aldapa), ateratzeko.