Nola lortu Osasuna-Eibar derbirako sarrerak?

Guaixe 2016ko abu. 5a, 20:23

Neurketako kartelaren zatia

Etxarri Aranazko San Donato futbol zelaiak Vicente Bakaikua zenaren omenezko partida hartuko du: Osasuna- Eibar. Heldu den ostiralean, agorrilaren 12an izanen da, 19:00etan.

Etxarri Aranazko futbol taldeak bere ongile eta Osasunako zuzendaritzako kide izan zen Vicente Bakaikua zena omentzeko primerako partida antolatu du. Aurre-denboraldi betean dauden Osasunak eta Eibarrek Etxarri Aranazko futbol zelaian jokatuko dute. Gorritxoek Nafarroan jokatuko duten aurre-denboraldiko partida bakarra da eta Osasunaren hainbat zale Etxarrira gerturatzea espero da.

Etxarri Aranatz futbol taldeak jakinarazi duenez, sarrerak aldez aurretik klubaren egoitzan (eliza parean) erosteko aukera izanen da. Bulegoa astelehenetik ostegunera, 18:00etatik 20:00etara zabalik egonen da. Eta partiduaren egunean 17:30ean zabalduko da futbol zelaiko txarteldegia. 13 eta 17 urte bitartekoek 5 euro ordaindu beharko dituzte sarreragatik eta 18 urtetik gorakoek, berriz, 10.

Oharrak
Neurketak jende asko erakarriko duenez, klubetik etxarriarrei futbol zelaira oinez joateko eskatu die. Aldi berean, trafikoa arintzeko norabide bakarreko bide bihurtuko dira egun horretan Eragatik futbol zelairako bidea, ibilgailuak sartzeko, eta futbol zelaitik Aritzeta kalera (Mataderoko aldapa), ateratzeko.