Kulturtik Ennecora

Guaixe 2016ko ira. 13a, 08:16

Nafarroako Gobernuak antolatutako Kultur programa joan den astean despeditu zen. Herrialdean barna kultur emanaldiekin batera, tokiko turismo baliabideez gozatzeko eskaintza osagarria izan da garilaz geroztik. Hala, Etxarri Aranatzen Jo & Swiss Knife talde iruindarrak kontzertua jo zuen ostegunean, baina, aurretik, Nafarroa luze-zabaleko 25 bat pertsonek Enneco, haritzaren memoria parkea ezagutzeko aukera izan zuten.

Hura sustatzen duen Nafarroa Bizirik fundazioko presidente Patxi Abasolok zuzendutako bisita gidatua izan zuten. Proiektuaren informazioa jasotzen duen liburuxka jaso zuten ere. Handik pasatzen diren guztien moduan, parkea jasotzeko auzolanean parte hartzeko eta Enneco lagun egiteko gonbidapena jaso zuten.