Presoen eta iheslarien etxeratzea aldarrikatuko da

Guaixe 2016ko ira. 30a, 10:35

Larunbatean, 20:00etan, plazatik abiatuko da Etxean nahi ditugu! Leloa duen manifestazioa.

Etxarri Aranazko Etxerat elkarteak deituta eginen da manifestazioa. Elkartetik adierazi dutenez, “gero eta ahots gehiago entzuten dira dispertsioaren kontra, garai batean dispertsio politika bera bultzatu zutenen artean ere”. Sakabanaketa “episodio mingarritzat” jo eta haren akabera “gertu ikusten den honetan, behar-beharrezkoa da gure muga ideologiko eta politikoetatik kanpo aliatuak bilatzea, eta are gehiago muga horietatik barna ere denok norabide berean bultzatzea”.

Etxerat-etik sakandarrei dei egin digute “indarrak elkartu, batu gaitezen dispertsioaren aurka, salatu dezagun gaixo dauden preso eta iheslarien egoera, biderka ditzagun ekimenak, aldarrikatu dezagun euskal preso eta iheslari politikoen euskal herriratzea”.

Elkarteaz
Etxerat presoen eta iheslarien senide eta lagunei eskaintzen die, batetik, asistentzia, aholkularitza eta laguntza, hau da, egoera mingarriak sortutako samina txikitu eta leuntzeko tresnak; bestetik, bizipenak eta esperientziak elkartrukatzeko bilgunea; eta, azkenik, lan esparru bat, non informazioa zein testigantzek, salaketek eta aldarrikapenek bat egiten duten.

Etxarrin ere helburu horiekin sortu zen Etxerateko taldea. Erronka handia dute, Nafarroan preso eta iheslari gehien duen herria baita Etxarri. “Sakanako preso eta iheslariak Frantzia eta Espainiako Estatuetan sakabanaturik daude, baina baita itsasoaren bestaldean ere. Horrek sekulako ahalegina eskatzen digu, eta, alde horretatik, ezinbestekoa zaigu Etxerateko taldea indarberritzea”.