Etxarriko ferietan, bargara

Guaixe 2016ko ira. 30a, 13:50

Aurreko urteko sarituak.

41. Mendira Joan-Etorria jokatuko da igandean, 11:00etan, Etxarri Aranatzen

Igandean, lastailaren 5ean, Mendira Joan-Etorriaren 41. edizioa jokatuko da Etxarri Aranatzen, goizeko 11:00etan, Etxarriko ferietako ospakizunen barruan. Etxarriko Udaberri elkarteak, Etxarri Aranazko Udalak eta Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatu dute mendi lasterketa, hainbat laguntzailerekin batera. Aurten ez da Nafarroako Mendi Lasterketen Koparako baliagarria izango.

Izena emateko epea zabalik
Mendira Joan-Etorriak 10 kilometroko luzera du eta 572 metroko desnibel positiboa. Gehiengo altuera mendi gainean, Urbasa-Andiako bargan hartuko du (1.065m). Parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa da. Izen ematea www.mendizmendi.com web gunean egin behar da, aurretik (10 euro) edo lasterketaren egunean bertan (15 euro). Dortsalak egunean bertan banatuko dira, 9:00etatik 10:00etara.

Aurreko urtean probako 40. edizioa izan zen, data berezia, eta 131 korrikalarik hartu zuten parte. Joseba Larralde (46:16) eta Virginia Perez (55:42) izan ziren txapeldunak. 50 sakandar lehiatu ziren eta Aritz Munarriz (48:00) eta Erkuden San Martin (1:04:56) etxarriarrak izan ziren lehenak. Aurten ikusmin handia dago, ohiko sariez gain errekorra gainditzen duenak 500 euroko Olalde gaztak saria jasoko duelako.  

Bukaeran korrikalari bakoitzak oroigarri bat jasoko du eta korrikalariendako auzatea izanen da Udaberri elkartean. Antolakuntzak proban parte hartzera eta proba zuzenean jarraitzera animatu ditu sakandarrak.

Apustutik sortutakoa
1975. urtean sortu zen proba, lagunen arteko apustu bat zela medio. Ezetz Etxarriko mendi gaina plazatik 40 minutuan egin zuten apustu Patxi Huizik, Felix Mozok eta Angel Mari Agirrek. Patxi Huizik irabazi zuen, 37 minututan eginda. Poliki-poliki kirol lasterketa bihurtu zen apustua.

Sariak (gizon eta emakumeendako)
Lehenengoek: 100€, txapela eta sari berezia
Bigarrenek: 75€ eta sari berezia
Hirugarrenek: 50€ eta sari berezia
Lehen etxarriarrek: 50€ eta XALOK saria
Bigarren etxarriarrek: Sari berezia
Hirugarren etxarriarrek: Sari berezia
Lehen beteranoek: Sari berezia
*Probako errekorra gaindituz gero (Juan Mari Garinek 2001ean: 42:50): 500 €-ko saria, Olalde gaztak eskutik.