Ferietan ederki

Guaixe 2016ko urr. 5a, 15:39
Sarituak udal ordezkariekin.

Eguraldia lagun, Etxarriko feriek jende asko erakarri zuten. Larunbat arratsaldeko tailerren ondoren dantzaldi animatua eskaini zuen Tximeletak. Igande goizean, berriz, plazan, alde batetik, 20 bat artisau postu eta, bestetik, herriko abeltzainen azienda loteen erakusketa zegoen. Eguerdian, 13. aldiz Sakanako gazten txapelketa jokatu zen. Lehiaketara zortzi gazta aurkeztu zituzten ibarreko artzainek. Idiazabal jatorri izendapeneko Joxerra Agirianoren gidaritzapean Larrañeta elkarteko Martin Loban, Hartzabal elkarteko Urko Mundiñano eta Karrikestu elkarteko Pablo Jauregi izan ziren epaileak. Lehen saria Uharteko Gaztak jaso zuen, Maialen Martiarenak (100 euro). Bigarren sariak Arruazuko Albi gaztandegiak lortu zuen (70 euro). Eta podiuma Arbizuko Araña-Etaiok eskuratu zuten (40 euro).