Bi bide konpontzen

Guaixe 2016ko urr. 15a, 10:25

Epeleko bidean lanak egiten ari dira.

Epelekoa eta Alzituertakoa dira. Azken horrek Bakaikurekin lotura egiten du eta oinezkoendako edo bizikletendako ibilbide gisa bultzada eman nahi zaio.

Etxarri Aranazko Udal bi bide konpontzen ari da azken asteetan. Batetik, Basopokaletik Epelerako baso-bidea, hainbat soro, borda eta etxe batera sarbidea dena. Baso-bide hori egur aprobetxamenduak ateratzeko erabiltzen da ere. Egoera txarrean zegoen eta udalak egiten ari den lanekin hura txukundu, bazterrak garbitu eta asfaltatu eginen dute. Lanak udalaren, lur-jabe baten eta Nafarroako Gobernuaren hitzarmen baten bidez finantzatuko dira.

Altzituertakoa lanen ondoren bide erosoa bihurtu da.

Bestetik, Kanpozeleitik presa zaharrerantz doan bidea egoera onean dago trenbide azpiko pasara arte. Altzituertaunditik Bakaikuko mugara arte bide zena xenda bihurtua zegoen, egoera oso txarrean zegoen. Gainera, jendea pasatzen bazen ere, zati bat partzela pribatu batetik pasatzen zen. Azken horren zati bat erosi du udalak eta ondoren bidea kaskailuz egin eta bazterrak garbitu ditu. Ibai ertzean dagoen, dermioko larreak eta basoa ondoan duen bidea izanik, Etxarri Aranazko Udalaren asmoa hura indartzea da, oinezkoek edo txirrindulariek erabil dezaten. Bide beretik joan etorria egin daiteke, edo Bakaikun sartu eta dermiotik eta Aritzalkotik buelta egin.

Azkenik, uraren kudeaketaz arduratzen den Nilsa enpresa publikoak ur araztegirako bidea konpondu du. Uholdeek kaltetzen duten bidea denez, orain arteko kaskailuaren ordez asfaltoa jarri dute.

Bestalde, joan den astean egindako bilkurak Etxarri Aranazko Udalak Ergoienako Udalarekin hitzarmena egitea onartu zuen. Etxarrin dagoen Inox Naparra enpresak bere lantegia handitu nahi du eta, horretarako, Etxarriko dermioan dagoen Dorraoko Kontzejuaren basoan sartu behar du. Bi udalen hitzarmenaren bidez baimen emateak, zergak eta bestelakoak arautu dituzte eta enpresak lantegia handitu ahalko du.