2017ko Emakumeen Birako Etxarriko etapa zalantzan

Guaixe 2016ko aza. 3a, 10:23

UCIk 5 egunetik 4 egunera jaisteko eskaria egin dio antolakuntzari, eta 4 egunera jaitsiz gero, Etxarri Aranazko etapa kolokan litzateke

Aurten Etxarri Aranatz izan zen Emakumeen Birako abiapuntuetako bat. 2017an era hala izan daiteke, baina oraindik Birako behin betiko ibilbidea ez da itxi, UCI sartu baita erdi-erditik. 2017ko Emakumeen Bira maiatzaren 17 edo 18an hasiko da eta 21ean despedituko da, baina UCIk du azkeneko hitza.

Ondo bidean, Emakumeen Bira Pro Tourreko proba izango da. Antolakuntzak, aurreko urtean bezala, 5 eguneko etapa antolatu nahi du, baina UCIk egun bat kentzea eskatu die. “Ikusiko dugu zertan gelditzen den guztia” azaldu du Agustin Ruiz Emakumeen Birako antolatzaileak. Bost egunekoa izanez gero, maiatzaren 17an hasiko litzateke, asteazkenarekin, eta igandean despedituko litzateke. Eta 4egunekoa balitz, maiatzaren 18tik 21era jokatuko litzateke.

Etxarriko erlojupekoa zalantzan
Azken orduko aldaketarik ezean, lehen etapa Iurretan hasi eta bukatuko da, erlojupeko motz batekin. Antzuolan hasi eta bukatuko da bigarerna, Markina-Xemeinen hasi eta bukatuko litzateke hirugarrena eta Errenterian hasi eta amaituko litzateke laugarrena, azken etapa. Eta bost eguneko probari eutsiz gero, Etxarri Aranatzen 10-12 kilometroko erlojupekoa antolatuko lukete antolatzaileek, Antzuolako eta Markinako etapen artean jokatuko litzatekeena.

World Tourrean sartu edo ez sartu, hori da zalantza. Batetik, ez die gehiegi kezkatzen “aurten ere ikusi dugulako maila horretako lasterketa ez izanda ere, munduko txirrindularirik onenak etorri direla Birara. Tropelak oso gustuko du Bira”. Baina World Torrean sartzeak ate asko irekiko lizkie antolatzaileei, telebista ere tartean legoke eta aukera gehiago lituzke antolakuntzak. “Aurten 15.000 euroko diru sarrerak izan ditugu eta World Tourrean sartzea lortuz gero, 25.000 eurora igo ahal izango genituzke” gaineratu du Ruizek. Dena den, 2017rako Emakumeen Birak Laboral Kutxaren babesa lortu du, oso albiste ona.

Ikusteko dago, beraz, Emakumeen Birak World Tourra maila izango duen hala ez eta bost eguneko proba, Etxarriko etapa tarteko, edo lau eguneko etapa, Etxarriko erlojupekorik gabe, izanen den.