Preferente mailari eustea du helburu Etxarrik

Guaixe 2016ko aza. 4a, 10:30

Iosu Murgiondo etxarriarrak hartu du taldea entrenatzearen ardura

2016-2017 denboraldiari gogo handiz ekin dio Etxarri Aranatz taldeak. Zazpi jardunaldi jokatuta, sailkapenean 13.a da taldea, 8 punturekin. “Hasiera ez da oso ona izan, baina futbolean boladak izaten dira. Aurreko denboraldian denboraldi ia oso osoan goian egon ginen eta bukaeran bolada txar bat izan genuen. Denboraldia luze egiten da eta ongi hastea garrantzitsua da. Baina talde ona dugu, konprometitua eta buelta emango diogu” adierazi digu Etxarri Aranazko entrenatzaile berriak, Iosu Murgiondo etxarriarrak.

Preferente mailako taldea lehenengoz entrenatzen du Murgiondok. Iaz bigarren entrenatzailea izan zen, Fernando Montori laguntzen. “Montorik 20 urte baino gehiago zeramazkien futbol taldeak entrenatzen. Konfiantza handia genuen berarekin, oso gustura geunden. Baina esan zigun entrenatzez utzi nahi zuela. Juntan bi kide geunden entrenatzaile karnetarekin, taldea entrenatzea proposatu zidaten eta onartu nuen” azaldu digu Murgiondok.

Murgiondok 8 edo 9 urte daramatza Etxarri klubean. “Kadeteak entrenatzen hasi nintzen orduan. Orain, preferentean orduko kadeteak ziren jokalari batzuk ditut. Beste batzuk nire kuadrilakoak dira, guztiak ezagunak, finean. Hori alde batetik oso ona da baina bere alde txarra ere badu . Beste herri bateko entrenatzailea bere etxera doa eta deskonektatzen du. Nik zailagoa dut. Hemen 24 orduetan zara entrenatzaile. Baina momentuz ongi daramat. Ni naiz entrenatzailea eta nik hartu behar ditut erabakiak. Nire lana ahalik eta hobekien egiten saiatzen naiz” nabarmentzen du 26 urteko gazteak.

Taldea osatzen dute
Duen taldearekin oso kontentu dago Murgiondo. “Nahiz eta gauzak hobeki edo okerrago joan, guztiaren gainetik Etxarri Aranatzen beti talde bat sentitu izan gara. Orain Etxarrin preferenten 25 fitxa ditugu. Hortik 16-17 etxarriarrak dira, Irurtzungo bat, Satrustegiko bat, Etxarri klubeko taldeetan trebatutako bakaikuarrak eta inguruko herrietakoak… Eta hori nabaritzen da. Jokalariak ongi ezagutzen dira, harreman oso ona dute eta giroa ona da. Beste edozerren gainetik talde bat osatzen dugu. Gainera, taldea oso konprometitua da, txintxoak dira entrenatzeko orduan. Piña bat gara, eta giroa ezin hobea da” dio entrenatzaileak.

Etxarriren helburua preferente mailari eustea da. “Aurreko urtean helburua ere mantentzea zen eta espero baino hobeto aritu ginen, denboraldi ia guztian goian egon ginelako. Bukaeran bolada okerragoa izan genuen eta azkenean seigarrenak sailkatu ginen. Helburua preferente mailan jarraitzea da” azpimarratzen du. Lakuntzako Lagun Arteakoek bezala, liga estua izanen dela uste dute Etxarrin. “Orain arteko partidetan detaile txikiek egiten dute partida bat irabaztea edo galtzea. Edozeinek irabazten dio edozeini. Lehenengo taldeari irabaztea edo azkenekoaren kontra galtzea, hori gertatzen ari da. Dena den, Bidezarra eta Beti Casedano ikusten ditut talde onenak” dio Iosu Murgiondok.

Talde gaztea, konpletoagoa
Aurreko urtean baino talde hobea duela uste du Murgiondok. “Talde gaztea da, eta kanpoko taldeetan jokatzen ari ziren jokalariak ere berreskuratu ditugu. Jokalariak joaten direnean faltan botatzen dituzu, baina bueltatzen direnean, jende hori errekuperatzen duzunean, prestatuago dator. Eta hori ona da taldearendako. Bestalde, jokalari beteranoak ere badaude. Nire ustetan aurtengo taldea iazkoa baino konpletoagoa da, talde gaztea baina ona. Talde konprometitua, sekulako giroarekin” aitortu digu entrenatzaileak.

Altak eta bajak
Etxarrik 10 baja izan ditu: Fernando Montori entrenatzailea, Pablo Jauregi, Javi Rueda, Xabier Urrestarazu, Aritz Ikobaltzeta, Markel Erdozia, Markel Azkona, Ekhi Etxeberria, Amaiur Ginea eta Ander Zelaia. Haiek ordezkatzeko 10 alta ditu taldeak, Iosu Murgiondo entrenatzaileaz gain Alain Perkaz ziordiarra, Araiako Alipenditik etorri dena, Asier Arratibel, urte batzuk futbola utzi ondoren jokatzera bueltatu dena, eta jubeniletatik igo diren Adrian Garziandia (Etxarri), Oihan Karasatorre (Beasain), Jurgi Kintana (Pamplona), Jon Razkin (Etxarri), Mikel Arratibel (Etxarri), Julen Iriarte (etxarri) eta Garat Flores (Oberena).

Harrobia
Preferenten dagoen taldeaz gain, Etxarri Aranatzek beste talde batzuk ditu. Jubenilen taldea, kadeteena, haurren mailakoa eta kimuen eta benjaminen taldeak. “Harrobia badugu, baina jendez nahiko juxtu gabiltza. Infantiletan 20 gaztetxo badituzu, horietatik igual 17 iritsiko zaizkizu kadeteetara eta horietatik igual 13 jubeniletara… herri txikietako taldeek harrobiarekin arazoa izaten dugu tarteka. Gertu dago Lakuntzako taldea, eta inguruetako herriko haurrak bi taldeen artean banatzen dira. Harrobiaren gaia denondako zaila da” dio Murgiondok.

Junta
Etxarri Aranatz klubeko juntako presidentea Eduardo Elso da. Iñaki Elvira presidente ordea eta diruzaina da eta Iña Arratibel idazkaria. Bokal lanetan aritzen dira Jose Javier Urkia, Jose Guillorme, Fran Gomez, Xabier Errazkin eta Koldo Murgiondo.

Sakana mailako taldea sortzearen beharraz
Sakana mailako talde indartsu bat sortzea beharrezkoa litzatekeen galdetuta, Iosu Murgiondok aldeko iritzia du. “Sakanan hiru klub gaude, Lakuntzako Lagun Artea, Altsasu eta gu, Etxarri. Bakoitzak bere arazoak ditu. Gurea igual da gehiago ekonomikoagoa, lakuntzarrena akaso une puntualetan jokalarien falta eta Altsasun aurrekontua badute eta klub sendoa dira, baina gero ez dakit zer gertatzen zaien emaitzek ez dietela laguntzen eta erregional mailan jarraitzen dutela. Batzuetan gure artean hitz egin izan dugu, lakuntzarrekin bereziki, eta badakit gure klubetan hiru taldeak batu eta Sakana mailako talde indartsu bat sortzearen aldeko eta kontrako jarrerak daudela. Klub berberean batzuk beharra ikusten dute eta beste batzuek ez. Baina nik uste dut interesgarria izango litzatekeela” ondorioztatzen du Murgiondok. “Horrela diru-laguntza gehiago izango genituzke, udalena, Mankomunitatearena, eta talde gehiago izango genituzke; haur guztiek jokatzeko aukera izango lukete. Hori da inportanteena. Talde ezberdinak izango genituzke, onenena eta maila baxuago bat dutenena. Eta denok aritzeko aukera lukete. Talde oso onak sortuko genituzke eta jokalari bakoitzak bere adineko jokalariekin jokatuko luke. Hori oso garrantzitsua da. Bestalde, hiru klubek instalazio onak ditugu. Zer inporta da noren zelaian jokatu? Niri berdin zait, baina egia esan, askori ez zaie buruan sartzen ere” gaineratzen du Murgiondok. Sakana mailako taldea sortzen ez litzateke goitik hasiko, preferente eta erregional mailatik, kategoria txikietatik baizik. “Hortik hasi beharko ginateke lantzen” dio.

Sakana mailako taldea sortzeko bide horretan Sakanako Mankomunitatea sartu beharko litzateke iritzi dio etxarriarrak, hiru kluben artean zubi lana egiteko. Dena den, momentuz nahiko zaila ikusten du. “Zaila da, egun klub bakoitzak berea nahi du, baina nik uste dut, etorkizunari begira, hoberena litzatekeela. Bestela, azkenean gertatuko da arazo ezberdinengatik kluben bat edo beste desagertuko dela eta gelditzen den taldea egoera onean geratuko dela”.  

Etxarri Aranatz 2016-2017
Atezainak: Ivan Gorriz eta Julen Iriarte.
Atzelariak: Luis Goñi, Xabi Bakaikoa, Unai Artieda, Iñaki Razkin, Julen Iragi, Andoni Agirre, Oihan Karasatorre eta Mikel Arratibel.
Erdilariak: Asier Urkia, Gentza Erdozia, Alain Perkaz, Asier Arratibel, Alain Iriarte, Joseba Razkin, Aitor Saez, Adrian Garziandia, Ivan Cerezo eta Jurgi Kintana.
Aurrelariak: Mikel Goikoetxea, Xabat Goikoetxea, Jon Razkin, Garat Flores eta Mikel Martiarena.
Entrenatzailea: Iosu Murgiondo.
Bigarren entrenatzailea: Jose Guillorme.