Aristorena eta Ruiz de Larramendi, txapeldunak

Guaixe 2016ko aza. 7a, 11:54

Nafarroako Kluben Arteko Emakumezkoen Esku Pilota Txapelketa irabazi dute

Tuterako Elola kiroldegiko frontoian jokatu ziren, asteburuan, Nafarroako Kluben Arteko Emakumezkoen Esku Pilota Txapelketako finalak. Oberena klubeko Yanira Aristorena etxarriarrak eta Maite Ruiz de Larramendik San Migel elkarteko Agirre eta Olatz Ruiz de Larramendi izan zituzten aurkari.

46 minutu iraun zituen partidan sakez ez zen tantorik egin eta Maite Ruizek falta bat egin zuen. Partida entretenigarrian, San Migeleko bikotea hasi zen finago, 0 eta 8 aurreratu baitziren. Agirrek tantoak bukatzen jakin zuen eta Olatz Ruiz fin ibili zen atzean. Baina Oberenakoek sakea berreskuratu zutenean eta pilota aldatu zutenean partida aldatu egin zen. Yanira Aristorenak eta Maite Ruizek Olatz Ruiz estutzen eta Agirre saihesten saiatu ziren. Tanto oso lehiatuetan Aristorena eta Maite Ruiz erosoago sentitu ziren eta, gutxinaka, aldea murrizten hasi ziren. Horrela, hamabira eta hamahirura berdintzea lortu zuten Oberenakoek. Hortik aurrera, Oberenakoak hasi ziren markagailuan aurreratzen eta, azkenean, 22 eta 17 irabazi eta gero Nafarroako txapela jantzi zuten Yanira Aristorenak eta Maite Ruiz de Larramendik.

Sari ematean Nafarroako Pilota Federazioko Migel Angel Pozueta presidentea eta Tuterako Eraso Klubeko presidente Luis Santiago Iñigez izan ziren.