Karasatorre Izeta sarian

Guaixe 2016ko aza. 11a, 11:30

Hamar bertsolariren parte hartzearekin, gaur hasiko da 7. Izeta saria. Barañaingo Haizea elkartean, 19:30etik aurrera bertsotan ariko den hamarrekoan dago Saats Karasatorre etxarriarra. Bertsolariek gaur honako lana egin beharko dute: hasierako agurrak; 8ko handian binaka gaia emanda bina bertso; 8ko txikian binaka ofizioka hiruna bertso; lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian eta hitza emanda bertso bana. Lau bertsolari onenek azaroaren 18ko Baztango finalerako txartela eskuratuko dute. Gaurko saioa doakoa da, akaberan auzatea eskainiko da.

Zazpigarren edizioa
Izeta sariketa 2004. urtean jokatu zen aurrenekoz; aurten zazpigarren edizioa jokatuko da. Sei edizioetan, Nafarroako bertsolarien baratza izan da eta hala izaten segituko du. Elizondoko Jon Barberena, Urdiaingo Oier Lakuntza, Gartzaingo Jon Elizetxe, Iruritako Iñaki Aleman, Aurizko Aimar Karrika eta Antsoaingo Saioa Alkaiza izan dira Izeta sariketa orain arte irabazi duten bertsolariak.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen du Izeta saria, Baztango udalaren laguntzaz. Orain dela zazpi urte sortu zen Baztango Bertso Eskolak ere laguntza eman du antolaketa lanetan.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean txandakatzen diren Izeta sariketa eta Xalto sariketa daude. Horien helburu nagusia, Nafarroako bertsolari gazte edo hasiberriei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izango zaien esperientzia har dezaten.

Mariano Izetaren omenez
Sariketak Mariano Izeta zenaren izena hartzen du. Horrela, herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertu nahi ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak.
Mariano Izeta 1915. urtean jaio zen, Elizondon, eta herri berean hil zen 2001. urtean. Lanbidez erloju-konpontzailea zen, baina horretaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten.

Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, “Nafar Izkuntza”-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiko kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.

Bere zaletasunik handienetakoa bertsolaritza izan zen. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.