Metal doinuen txanda

Guaixe 2016ko aza. 25a, 13:34

Larunbatean, 23:00etan Etxarri Aranazko gaztetxean.

Hilotz eta Legalize Murder taldeek emanaldia eskainiko dute Etxarri Aranatzen. Aurreneko taldea, Hilotz, Lasarte-Orian sortu zen, 2010ean. Taldeak Hil ala bizi maketa kaleratu zuen 2012an, Euskal Herrian harrera ona izan zuena.  Villa de Bilbao eta Wacken Metal Battle lehiaketetan parte hartu zuten. Hilotzen aldaketak izan ziren eta 2014tik hirukoa da: Mikel Yarza (ahotsa eta baxua), Pablo Cabasés (gitarra) eta Etxahun Urkizu (bateria). Aurten argitaratu duten Giza Ankerkeria diskoa aurkeztuko dute. Disko berriak maketan landuriko thrash metalaz aparte death eta black metal estiloak uztartzen ditu.
  
Legalize Murder talde iruindarra 2009an sortu zen. 80. hamarkadako thrash metal musika jorratzen du. Besteak beste, Kreator, Motörhead, Venom edota Sodom taldeen koordenadetan mugitzen dira. To kill or not to kill disko laburra aurkeztuko du laukoteak: Trul (ahotsa eta gitarra), Ete (bateria), Piños (baxua) eta Jun H´ghar (gitarra).