Aldaz Iruñean dantzari

Guaixe 2016ko aza. 30a, 08:56

Gaur, 19:00etan, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Iruñeko Nabarreria kaleko 39. zenbakian

Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdia (DNA) gaur despedituko da. Haren barruan mugimenduaren hizkuntza desberdinak ikertu eta giza gorputzaren adierazpen aukerak esploratzen dituzten nafar dantzarien lana ere erakutsi nahi du jaialdiak. Azken proiektuak eta dantzako bakartsaioak aurkeztuko dituzte. Haien artean Laida Aldaz etxarriarra dago, Helena Lizarirekin eta German de La Rivarekin batera Kirolak koreografia eskainiko du.

Helena Lizariren kontzeptu batetik abiatuta sortutako koreografia da, euskal kirolak abiapuntu dituena.
Kirol horiek lehiakortasunak, trebetasunak, iaiotasunak, erronkak, indarrak, iraunkortasunak markatuta daude. Pieza hau aldi berean gogoetazkoa eta erraietikoa da. Hausnarketa piztu nahi du umore fisikoaren eta zentzugabearen bidez. Kirol horietatik abiatuta beren artean harremanak dituzten pertsonaiak sortzen dira, egoera dramatikoak edo umorezkoak sortuz.

Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatu du DNA. Nafarroan dantzarako gunea berreskuratzeko eta erreferentziazko programa artistikoetako bat bilakatzeko bokazioarekin sortu da jaialdia. Hainbat arlo landu ditu jaialdiak familia publikoa, bertako konpainiak, herrietako sortzaileak… Jaialdiak udaberrian segida izanen du.

Laida Aldaz
Hainbat artista eta talderekin lankidetzan aritu da, hala nola Ali & Hedi Thabet eta David Zambranorekin. Bere lanak garatu ditu eta, Trastero Creativo bere elkartearen bidez, dantza garaikideari zabalkundea emateko proiektuak bultzatzen ditu, besteak beste, Zinetika International Dance Film Festival. Eskolak eman izan ditu Portugalen, Grezian eta Txilen.


Helena Lizari
Dantzaria eta koreografoa. Mugimenduaren eta psikomotrizitatearen arloko irakaslea. Europako
hainbat koreograforekin eta Peter Greenaway zinema- zuzendariarekin lan egin du. Nazioarteko zenbait agertokitan aurkeztu izan ditu bere lanak. Eskolak eman izan ditu Europako hainbat ikastetxetan, eta elkarlanean aritzen da ikastetxeetako sorkuntza eta dantza proiektuetan. Egun, irakasleei dantzaren bidez prestakuntza emateko eskolak ematen ditu, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako hezitzaileentzat.


Fitxa
Iraupena: 15 minutu

Kontzeptua: Helena Lizari

Zuzendaritza: Helena Lizari eta Laida Aldaz

Koreografia eta interpretatzea: Helena Lizari, Laida Aldaz eta Marc de Pablo

Dramaturgia: Frank Freijs

Musika: Txalaparta Zaldizka, Mikel Casanellas eta Silbia Munarriz

Eszenografia: Mikel Ruiz

Argia: Carlos Parada