Irakurketa kanpaina Etxarrin

Guaixe 2016ko abe. 1a, 11:36

Etxarri Aranazko Udaleko Liburutegi Batzordeak aurten ere Irakurri, Gozatu eta Oparitu (IGO) kanpaina martxan jarri du. Bi helburu ditu kanpainak, alde batetik, euskaraz irakurriko duten irakurle gazte eta heldu berriak erakarri nahi ditu eta, bestetik, ohiko irakurle euskalduna saritu. Antolatzaileen esanetan “kanpaina honetan irakurle guztiak dira irabazle: euskarazko irakurleak, liburutegiko irakurleak, eta herriko liburu-dendak”.

Azaroaren 15etik ilbeltzaren 31era bitartean martxan da kanpaina. Victoriano Huizi udal liburutegitik pasa eta euskarazko liburu bat maileguan hartzen dutenek, hura irakurri ondoren, bueltatzean, fitxa bat bete beharko dute liburutegian. Irakurritako lanaren inguruko  iritzia labur ematea eskatzen da. Hura beteta, trukean, liburuzainak deskontu txartel bat emanen dio, herriko liburu-dendan liburu bat erosteko.

Deskontuak
Kanpainan parte-hartzen dutenek, orokorrean liburuak erosteko %25eko deskontua eskuratuko dute.  Kopuru hori %50ekoa da euskara ikasleen eta Mintzakideko kideen kasuan. Bestetik, irakurle taldekoendako deskontua %40koa izanen da. Deskontuak, jakina, euskarazko literatura lanei ezarriko zaizkie.

Zozketa
Kanpainako parte-hartzaileek Kaxeta liburu-dendan 30 euroko 4 sariren zozketan parte hartuko dute. Sariak euskaraz argitaratutako liburuak erosteko erabiliko dira.