Preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatuko dute

Guaixe 2016ko abe. 26a, 08:30

Abenduaren 30ean, ostiralean, 19:30ean manifestazioa eginen da.

Etxarriar talde bat preso eta iheslarien alde elkarlanean aritzeko elkartu da. Gai horren “konponbiderako pentsaera eta ikuspegi ez erabat berdinak dauzkagunok elkarrekin bildu eta zenbait ekitaldi prestatzen hasi gara”. Denon artean preso eta iheslariak herriratzea lortuko dutela uste dute. Eta elkarlan horren fruitu dira kartzelako isolamenduari buruz atzo izandako hitzaldia eta urteko azken aurreko egunerako deitu duten manifestazioa, preso, iheslari eta deportatu guztiak etxera! leloa izanen duena.  

Mobilizazio horren alde ahalik eta pertsona, antolakunde eta elkarte gehienen atxikimendua lortu asmoz harreman eta komunikazio kanpaina abiatu dute taldeko kideek. Deitzaileek azalduko dute azken lau hamarkadetan “herri honek bere burua askatu nahi izateagatik” hildakoak, kartzelaldi eta ihesaldi luzeak izan dituela. Presoek bizitako “egoera okerrak” ere gogora ekarri dituzte: sakabanaketa, isolamendua, osasun arretarik eza… Guztiagatik, etxarriar eta sakandar guztiei parte hartzeko deia egin diete.