Zamari tiraka

Guaixe 2017ko urt. 17a, 12:37

Ikusleak, antolatzaileak eta musikari parte-hartzaileak pozik bukatu zuten Etxarri Aranazko kontzertu bikoitzarekin. Etxarri Aranazko Sarek, senide eta lagunez bigarren urtez jarraian antolatu zuten Zama doinuz arindu elkartasun jaialdia. Bi emanaldietan kultur etxea beteta izan zen, 450 ikusle. La Chula Potra, Hutsun, Gozategi, El Deseo del Doctor, Hesianeko Fran eta Zuriñe, Anje Duhalde eta Zopilotesekin gozatu ederra hartu zuten.

Soka izan zen emanaldien protagonista. Sokak handi batek inguratzen zuen agertokia eta soka zegoen pantailan irudikatua. “Saiatzen gara korapiloak askatzen, sarritan asmatuz, gehiegitan okertuz, batzuetan asmatuz…eta tira, eta tira, eta tira…, egin behar dela badakigu…barroteak hautsi arte.” Horixe izan zen mezua. Musika, berriz, mezu horretara iristeko giltza…. Zama arintzea zelako helburua. Jaialdiak dispertsioak Etxarriko senide eta lagunei eragiten dien zama arintzeko asmoa du eta bide batez, dispertsioaren eta espetxe politika anker horren kontrako aldarri egitea.

Argazkiak: Etxarriko Sare.