Energia aurreztea helburu

Guaixe 2017ko urt. 20a, 10:13

Etxarri Aranazko Udala kale-argiterian led argiak jartzen hasi da eta, bestalde, energia elektriko hornikuntza kontratu guztiak Goienerrekin kontratatzea erabaki du.

Etxarri Aranazko Udalak energia aurrezteko konpromiso irmo eta sendoa du. Bide horretan, bi erabaki hartu ditu: kale-argiterian led argiak jartzea eta energia elektriko hornikuntza kontratu guztiak Goiener energia kooperatibarekin kontratatzea.

Jakina da kale-argiteriaren energia-kontsumoa oso handia dela. Kostu ekonomiko garrantzitsua da Etxarri Aranazko Udalarendako. Argiteria publikoaren erabilera eraginkorrak eta puntako teknologiaz baliatzeak energia-kontsumoa murrizten eta merkeago egiten lagundu dezakeela jabetuta, 2015ean argiteriaren auditoria energetikoa enkargatu zuen Udalak. Hor ikusi zen efizientzia energetikoan urratsak eman beharra zegoela lehenbaileen.

33.775,8 kWH aurreztuko dira
Horrela, kale-argiteriako luminariak aldatzen hasi da Udala, led argiekin ordezkatuz. Aldatzeko lehentasuna efizientzia gutxien duten argi puntuek izango dute. Oraingoz, Aldapasoro, Santa Kitz eta San Kiriko kaleetako luminariak aldatzen hasi dira, eta aurki Kale Nagusikoak aldatzen hasiko da. 30.000 euroko inbertsioa egin da, eta horrek ekarriko du urtean 33.775,8 kWH aurreztea, hau da, kontsumoaren %5 gutxi gorabehera. Egindako inbertsioa lauzpabost urtean amortizatuko dela gaineratu du Udalak, eta zehaztu du aurten 80 argi puntu aldatuko direla guztira. 


Hurrengo urteetan herriko beste kale batzuei ekitea da asmoa. Diru-laguntzarik ezean, poliki-poliki burutuko da programa, urtero kaleren bati ekinez, eta diru-laguntzarik balego, aldiz, prozesua azkartuko litzateke. Diru-laguntzak lortzeko Udala Gobernu Zentraleko IDEA (Instituto para la Diversificación y Ahorro de la Energia)-ren laguntzak lortzeko ahaleginetan ari da.

Energia kontratuak Goienerrekin egin dituzte: 5.000 euroko aurrezpena
2015ean energia kontsumoen azterketa egin ondoren, Etxarri Aranazko Udalak energia elektriko hornikuntza kontratu guztiak Goiener energia kooperatibarekin kontratatzea erabaki du. Goiener, Energia Berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatiba da, eta bere helburua herritarrek oinarrizko ondasun honekiko kontrola berreskuratzea eta honen garrantziaz jabetzea da, energiaren kontsumo arduratsu eta iraunkorra bulkatuz.

Goienerren bazkide egitearekin, Udalak kontsumitu behar duen energia elektriko guztia berriztagarria izango dela ziurtatzen du eta ez da berotegi efektuko gasik atmosferara isuriko. Horretaz gain, potentzien kontratazioaren doikuntza eta energia kontratazio indexatuan apustua eginez, urtean ia 5.000 euro aurreztuko dira.

Bestalde, Goienerreko bazkide egitearekin, lanpostuak sortzeko aukera handitzen da Goiener eta Nafarkoop barruan. Aurreikusten da heldu den urtean barna Nafarroan beste pertsona bat gehiago kontratatuko dela eta bulego propio bat irekiko dela.