Arartekoak beilatokiarendako beste kokapen bat iradoki du

Guaixe 2017ko urt. 20a, 12:34

Nafarroako Arartekoak, Francisco Javier Eneriz Olaetxeak, Etxarri Aranazko Udalari iradoki dio Udal Plan Orokorra aldatzeko edo higiezinetako tanatorio edota beilatoki jardueren baldintzan arautzen dituen udal ordenantza bat onesteko. “Horren helburua da, bertan, oro har eta juridiko loteslea izanik, egoitza-eraikinen etxabeetan tanatorioak eta beilatokiak instalatzea debekatzen duen edo tanatorio eta beilatokiak hileta-erabilera esklusiboko edo beste batzuengatik isolatuta dauden edo independenteak diren eraikinetan kokatzera behartzen duen hirigintza-araudia gehitzea”.

Erantzun hori eman dio Enerizek beilatokiaren kokapen egokia eskatzen dioten etxarriarren kexari. Herriko kale Nagusiko 2. zenbakiko etxabea kokapen egokia ez dela eta beste egokiago bat aldarrikatzen dute inguruko hainbat auzokidek. Beilatokiaren aldamenekoek udalari Enerizen iradokizuna bere egiteko eskatu diote.

Enerizek Berako herritarrek antzeko kexa aurkeztu zutenean emandako erantzuna ekarri du gogora. Hartan aitortzen zuen Nafarroako indarreko araudiari jarraiki ez dela ilegala etxebizitza-eraikinen etxabeetan beilatokiak edota tanatorioak instalatzea. “Baina legezkotasuna ez da administrazioak erabilera bat onartzean edo baimentzen itsu-itsuan bete behar duen betekizun bakarra. Izan ere, legezkotasunak betetzeak herritarren egonezina eragin dezake, baita gizarte-bizikidetzaren narridura ere”, Halakoak etxabeetan ez instalatzeko eta eraikin independenteetan kokatzeko eskaeraren arrazoiak, “besteak beste, kulturalak, sozialak, osasunekoak eta ingurumenekoak” direla dio arartekoak.

Udaletik
Beilatokiaren kokapenarekin ados ez dauden etxarriarrek, udal ordezkariak eta udal abokatua lantalde batean elkartzen dira. Eneka Maiz Ulaiar alkateak azaldu digunez, aurreko bilera batean beilatoki publiko bat eraikitzeko proposamena atera zen. Maizek jakinarazi digunez, udala beilatoki publiko baten bideragarritasun plana egiten ari da eta txostena ilbeltza akaberarako aurkeztuko duela aurreratu. Alkateak esan digunez, arartekoaren iradokizuna jaso aurretik abiatutako lana da hori.

Bestetik, Maizek aurreratu du 2018an hirigintza plan orokorra egiteko asmoa duela udalak. “Nolako herria nahi dugun zehaztuko da. Horretarako parte hartze prozesua egin eta batzorde bat sortuko da”. Hausnarketa orokor horren barruan, ikuspegi osoa izanik, herrian eta kanpoan zein zerbitzu nahi diren zehaztuko da.