Patxi Mundiñano mekanikaria denboraldiari ekiteko prest

Guaixe 2017ko urt. 25a, 11:28

Euskadi Murias taldeko mekanikaria da etxarriarra. Astelehenean egin zuten denboraldiko aurkezpena

Astelehenean Euskadi Basque Country-Murias Taldearen aurkezpena egin zuten Bilboko Alhondigako Azkuna Zentroan. Kontinental mailako taldea da Euskadi Murias, baina 2018an saltoa ematea eta profesional kontinental mailako taldea izatea da erronka.

Jon Odriozola kirol zuzendariaren esanetara jarraituko dute txirrindulariek. Aurreko urteko ia bloke gehienak jarraituko du –Aritz Bagües, Ander Barrenetxea, Mikel Bizkarra, Garikoitz Bravo, Imanol Estevez, Adrián González, Aitor Gonzalez, Mikel Iturria, Eneko Lizarralde, Pello Olaberria, Beñat Txoperena eta Gotzon Udondo–, eta profesionaletara saltoa eman duten Alex Aranburu eta Jon Ander Insaustiren tokia betetzera Julen Irizar eta Oscar Rodriguez sartu dira. Helburua emaitza ahalik eta onenak izatea da, garaipenak lortzea. “Euskadi izena lehen mailako probetara eraman nahi dugun euskal selekzioa izan nahi dugu” adierazi zuen Odriozolak aurkezpenean.

Taldearen staffean Patxi Mundiñano dago. Etxarriarra taldeko mekanikarietako bat da. Hainbat denboraldi daramatza taldean eta 2017 denboraldirako ere prest dago Mundiñano.