Udalak soziolinguistika-inkesta eginen du

Guaixe 2017ko urt. 29a, 12:57

Bihartik aurrera hasiko dira herritarrei telefonoz hots egiten.

Etxarri Aranatzen euskararen egoera zein den jakiteko, soziolinguistika azterketa eginen du udalak. Eneka Maiz Ulaiar laketak jakinarazi duenez, “astelehenetik aurrera 325 etxarriarri telefono bidez hots eginen zaie, euskara gaitasuna, euskararen erabilera eta euskara sustatzearekiko iritziei buruz galdetzeko”. Inkestak izanen du berritasunik, izan ere, galdeketan hitaroaren erabilerari buruzko galderak sartu dira, eta baita ere Etxarriko euskararen erabilerari buruzkoak ere. Inkesta egiterakoan hiru adin tarte (gazte, heldu, adindu) eta generoa izanen dituzte kontuan.

Azterketa Maialen Ijurra euskal filogogia ikasleak burutuko du praktika moduan, udalaren, UEMAren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean egindako hitzarmen baten bidez. Lanak UEMAk koordinatuko ditu, udalarekin batera. Herriari buruzko azken soziolinguistika datuak 2001ekoak dira, Nafarroako Gobernuak 2011n egin zuen azken inkesta soziolinguistikoan ez baitzuen herriz herriko daturik eman.

Inkestak ematen dituen datuak aztertzea izanen da bigarren fasea. Maizek aurreratu duenez, “Etxarrin esparruz esparru dagoen euskarazko eskaintza aztertuko da, arlokako lanketa eginez. Horrela, normalizazio ikuspegitik egon daitezkeen jarduerak definitu daitezke”.