Kolaborazio-proiektu saritua martxan da eskolan

Guaixe 2017ko urt. 26a, 18:34

Hezkuntza Departamentuak ikasturte hasieran Etxarri Aranazko San Donato eskola publikoa Samsung smart school proiekturako aukeratu zuen. Horretarako, departamentuak kontuan hartu zuen herri eskola izatea eta teknologi berrien funtzionamendurako izan beharreko baldintza guztiak betetzen zituela. Ordutik, tablet berezien bidez hezkuntza kolaborazio-proiektu bat aurrera eramaten ari dira San Donato eskola, zehazki LHko 5. mailakoak. Aurretik soilik Cadreitako eskola zegoen proiektu horretan eta departamentuak eremu euskalduneko beste baten alde egin zuen.

Proiektua gauzatzeko irakasleak trebatu egin ziren lastailean: jasotako tabletek dituzten aukerak eta proiektu kolaboratzaileak nola egin ikasi zuten. Horretarako, haietako batzuk Madrilera joan ziren. Behin trebakuntza jasota, ikasleak tablet bana eskutan izanik kolaborazio-proiektu bat sortu eta aurrera eramaten hasi dira. Lehenik haiek erabiltzen ikasi zuten eta behin hori egin eta gero proiektuan dauden beste ikastetxeekin harremanetan daude etengabe. Hala,  jende berria ezagutu, tabletak eskaintzen dizkien aukera guztiak arakatu eta erabili ahal izanen dituzte. Konpetentzia digitalekin batera, ikasleak gainontzeko gaitasunak konturatu gabe garatzen ari direla esan digute eskolatik.

Programaz
Samsungek Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren eta 13 erkidegoren eta Ceuta eta Melilla hiri autonomoren artean garatu dute. 2014an abiarazi zuten. Herritar korporatiboaren programan estatuko 36 ikastetxe publiko 88 gela (2.400 ikasle eta 500 irakasle) ari dira parte hartzen. Etxarrikoa da euskaldun bakarra. Tabletetan eta arbel interaktiboetan oinarrituta irakaskuntza eta ikaste prozesuak hobetu nahi ditu.  

Hezkuntzarako Teknologia Erakustokiak ematen duen Simo Hezkuntza 2016 saria jaso zuen programak lastailean; “kalitatezko hezkuntzarako sarbidea errazteagatik, baliabide tekniko eta metodologiko egokiekin, ikasle bakoitzaren bizitokia edo sozio-ekonomia ingurunea kontuan hartu gabe”. 327 hautagaitza aztertu zituen epaimahai adituak. Zehazki, urteko ekimen onenaren saria eman zioten teknologia berrien eta ikasgelako baliabide sailean. Simo sariek hezkuntzan informazio eta komunikazio teknologiak garatu eta ezartzeko profesionalek, enpresek eta erakundeek egindako lana aitortzen dute.

Saria  
Hasiera ezin hobea izan zuten. Izan ere, Samsungek antolatzen duen eguberritako postal lehiaketan Olaia Erdoziak, Olentzeroren postal batekin, saritua izan zen, tableta eskuratu zuen.