Triku Trailerako izena ematea zabalik

Guaixe 2017ko ots. 3a, 10:23

Ekainaren 25ean jokatuko da proba, Etxarri Aranatzen, baina 350 parte-hartzaileen muga dagoenez izena ematea lehenbailehen egiteko deia egin du antolakuntzak

Gaur, otsailaren 3an, goizeko 8:00etan zabaldu da Etxarri Aranatzen ekainaren 25ean, 9:30ean, jokatuko den Triku Trail mendi lasterketan (21 km) izena emateko epea. Antolakuntzak gehienez 350 korrikalari onartzen ditu eta azkenaldian Etxarri Aranazko campingean antolatzen den probetan aritzeko dortsalak agortu izan direnez, probaren arrakastaren seinale, bertan parte hartu nahi dutenei izena-ematea lehenbailehen egiteko gomendioa luzatu nahi die antolakuntzak.

Lasterketaren antolatzaileen hitzetan, pena da korrikalari gehiagok parte ezin hartzea, eta asko kanpoan gelditzea; baina instalakuntzak eta inguru pribilegiatu honen oreka zein jasangarritasuna kontutan edukita eta korrikalariari eman nahi izaten dioten tratu hurbila lehenetsiz, aurten ere korrikalari kopurua dagoenean, 350 partaideetan uztea erabaki dute.

Izena emateko
Triku Trail Kirol Taldearen web orrian (https://trikutrail.wordpress.com/) edo www.kirolprobak.com web orrian. Txip horia duten federatuek 20 euro, txip horia ez duten federatuek 22 euro, txip horia duten federatu gabekoek 23 euro eta txip horia ez duten federatu gabekoek 24 euro.

Antolakuntzarik nabarmenenaren aipamena
Aurreko asteazkenean Kirol Probakeko urteroko sari banaketan antolakuntzarik nabarmenenaren aipamena jaso zuen Triku Trail Kirol Taldeak.