Bakaikoak herritarren aurrean jokatuko du

Guaixe 2017ko ots. 3a, 15:07

Zilarrezko Binakako Txapelketako partida jokatuko da gaur Etxarri Aranatzen, 20:00etan. Joanes Bakaikoa lanean ikusteko aukera izango dute etxarriarrek

Joanes Bakaikoak berriki debutatu du Asegarcerekin. Hain zuzen ere, Zilarrezko Binakako Txapelketan aritzeko debutatu zuen aurrelari etxarriarrak. Labriteko debutean eta orain arte txapelketan jokatutako partidetan Bakaikoak herritarrak eta lagunak izan ditu ikusleen artean, baina partida jaioterrian, etxean jokatzeak, beste plus bat dauka. Eta hori dastatzeko aukera izango du Joanes Bakaikoak.

Izan ere, Etxarri Aranazko Udalak eta Asegarcek, Gure Pilota Elkartearekin batera, pilota jaialdia antolatu du gaur, ostiralean, Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan. Lehenik eta behin Gure Pilota Elkarteko pilotarien arteko partida jokatuko da, eta, ondoren, Zilarrezko Binakako 4. jardunaldiko partida jokatuko da. Kasu honetan, Joanes Bakaikoak eta Ladis Galarza larraundarrak Dario eta Jaunarena izanen dituzte aurkari. Pilota jaialdia 20:00etan hasiko da eta prezioa 10 eurokoa izango da.

Joanes Bakaikoak eta Ladis Galarzak oraindik ez dute garaipenik lortu. Ea herritarren babesarekin txapelketako hasierako ligaxkako lehen puntua lortzen duten.

Martija gaur Donostian
Zilarrezko Binakakoaren barruan, Julen Martijak eta Errandoneak Laso eta Iturriaga izango dituzte aurkari gaur, Donostian, 22:00etan (ETB1). Zilarrezko Binakakoari dagokionez, Lasok eta Iturriagak 3 puntu dituzte, orain arte jokatutako hiru partidak irabazi baitituzte, Arteaga-Erasunek, Dario-Jaunarenak eta Errandonea-Martinak bina puntu, Elordi-Erostarbek, Peña II.a-Salaberrik eta Ugalde-Martinezek puntu bana eta Bakaikoak eta Ladisek ez dute punturik.