Ihoteak ate joka

Garizuma murrizketa ugari zekarren garaian, haren aurretik ospakizun handiak egiten zituen herri xeheak. Agintarien mugek eta trabek etxarriarrek ospakizunak hausterre aurreko hiru ostegunetan ospatzera eraman zituzten. Hala, heldu den ostegunean, hilak 9, Gizakunde ospatuko da. Gizon helduen eguna zen, txatarras jantzita eskean atera eta jasotakoarekin afaria egiten zuten. Kintoak eta gazteak aterako dira eskean. Otsailaren 16an, osteguna, Andrekunde izanen da. Txatarras jantzi eta eske-erronda egiten zutenak emakumezkoak ziren. Ihoteak galdu zirenean hainbat familietako emakumeek elkarrekin afaltzeko ohitura hartu zuten. Emakumeen herri afariak egin izan dira gerora.

Garikunde, otsailaren 23an, gazteen arteko borroka eguna zen; kolpeak urte guztian zehar debekatuta zeuden, eta egun horretan haien arteko gorabeherak konpontzeko erabiltzen zuten. Kolperik eman gabe “aurkaria lurraren kontra eusten zuten”. Maskubiak haizez bete, eta jendea jotzen zuten, baita suko hautsa bota ere. Egun zigorrak eskutan dituztela berotzen dute jendea kintoek. Haurrak txatarraz janzteko eguna, Zalduniyote edo mutillerdiyek, otsailaren 26an izanen da. Eta Astearteiyoterekin, otsailaren 28an, denak txatarraz janzten ziren, gaita doinuak zeuden eta bazkaria egiten zen. Gaur egun kintoekin batera mozorrotuen kalejira egiten da eta gau-partean mozorro-dantzaldia izaten da plazan.