Etxarri Aranazko Udalak herriko langabetuak kontratatzeko Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntza deialdira aurkeztu da. Jasotakoaren arabera urte erdirako bi edo lau etxarriar kontratatuko dituela jakinarazi du udalak. Ziurraski lau izanen dira, batzuk lanean berehala hasteko eta besteak uda aldera. Haien zereginak honakoak izanen dira: garbiketak, zakarrontziak hustu zaborren, lekua aztertzea; desbrozeak, ibilaldiak garbitzea eta mantentzea, obra txikiak, udaleko beste langile batzuei laguntzea eta abar.
Baina deialdi horren bidez kontratatuak izateko hainbat ezaugarri bete behar dira. Alde batetik, errenta bermatua jasotzea, gutxienez ere %33ko desgaitasuna izatea edo genero indarkeriaren biktima izatea. Bestetik, kontratatzerakoak emakumezkoak izatea ere kontuan izanen da. Edota, azkenik, 45 urtetik gorakoak edo 30 urte baino gehiago eta langabezian luze daramatenak. Azken horien artean, gehienez, udalak bi kontratu eginen ditu. Lan hizkuntza euskara denez, euskara ezagutzea eskatuko zaie guztiei. Joan den urtean programa horren bidez kontratatutako pertsonak ezin dira deialdira aurkeztu.
Probak
Langileak aukeratzeko udalak probak eginen ditu. Euskara titulua dutenek otsailaren 15eko 12:00ak baino lehen aurkeztu beharko dute. Gainontzekoek, otsailaren 20an, 9:30ean, eginen dute proba Etxarri Aranazko udal liburutegian. Toki berean eta ordu berean, hurrengo egunean teoria-proba izanen da. Azkenik, lanpostuaren funtzioei buruzkoak, euskaraz, udalaren biltegian eginen dira. Emaitzak etxe-handiaren bulegoko iragarki taulan jarriko dira.