Lapurrak, udal-langileak zirelakoan

Guaixe 2017ko ots. 20a, 15:07

Foruzaingoak jakinarazi duenez, joan den astean bi ebasketa izan ziren Etxarri Aranazko bi etxeetan. Bietan ere ebasleek jende larria bizi zen etxeetara jo zuten. Bi ziren eta udaleko langileak zirela eta komunean urak sortutako matxura atzeman zutela esanez aurkeztu zuten euren burua. Itajurak nondik zetozen zehazteko etxera sartzeko baimena eskatu zuten. Behin barruan lapurretako batek ur iturria zabaltzeko eta ixteko eskatzen zien etxarriarrei. Horretan ari zela, besteak bitartean, dirua eta baliozko objektuak ebatsi zituen.

Aitzakia edozein dela ere Foruzaingotik ezezagunei atea ez zabaltzeko aholkua eman dute, egiaztatu daitekeen arrazoi bat ez bada behintzat. Horregatik, ezezagunak etxera sartzea ekarri dezakeen eskaintza edo kudeaketei kasurik ez egiteko eskatu du. Eta susmorik izanez gero Sos Nafarroaren 112 telefonora hots egitea eta egileak atzemateko datuak (deskripzioa, autoa, matrikula, kolorea eta abar) ematea eskatu dute.