Gizakunde, Andrekunde eta Garikunde. Aurreko hiru ostegunetan 17 kintoak elkartu eta herrian barna eskean ibili dira. Jasotakoarekin majo afaldu dute. Honakoak dira aurtengo kintoak: Aimar Ijurra, Alain Azkona, Asier Jaka, Eneritz Karasatorre, Aritz Lizarraga, Intzara Mendinueta, Jonfra Huizi, Kai Karasatorre, Leire Estarriaga, Oier Aierdi, Txomin Ezkutari, Urtzi Nazabal, Uxue Mendinueta, Xuban Mendiola, Ainhoa Irastorza, Lander Arrizabalaga eta Ainet Huizi.
Guztiak ere etzi, Zalduniyoterako elkartuko dira, eguneko protagonistendako, haurrendako jokoak prestatuko dituztelako. Kinto ospakizunek astelehen gauean izanen dute segida. Afaltzera elkartu eta, ondoren, makina bat beti-kintorekin batera Tolosara joanen dira, autobusez. Kintoak euren koloretako txanoekin kalean izanen dira astearte goizean. Txurru-txiki txarangaren laguntzaz kinto-eskean ariko dira. Kinto-segizioari haurren ihote segizioa batuko zaie. Bazkaldu ondoren ihote ospakizunekin bat eginen dute kintoek.