Txupinazoko presoen eta iheslarien etxeratzea eskaeran, epaia epaiaren kontra

Guaixe 2017ko mar. 31a, 09:19
Adierazpen askatasunaren ikurra udaletxean. Artxiboa.

2015eko txupinazoan erakutsitako banderolengatik aurretik emandako epaia bertan behera utzi du epaitegi nagusiagoak.

Nafarroako Justizia Auzitegi Goreneko Administrazio-Auzien Salak onartu egin du estatuaren abokatuak aurkeztutako apelazio-helegitea. Administrazio Auzien Iruñeko 1. Epaitegiak Etxarri Aranazko Udalaren alde egin zuen eta epai hura indarrik gabe gelditu da. Aurreneko demanda estatuaren abokatuak aurkeztu zuen Etxarri Aranazko festen hasieran preso eta iheslarien etxeratzea eskatzen zuen pankarta bat ustez udaletxean jartzeagatik.

Epaiak onartzen du estatuko abokatuaren aurreneko demandaren erredakzioa ez dela onena, gaineratuz epaileak zer salatu nahi zuen zehazteko eskatu beharko liokeela. Hala ere, Guardia Civilak aurkeztutako txostena ontzat jo du eta horretan oinarritzen da helegitea onartzeko. Euskal presoen eta iheslarien etxeratzea eskaera zuten pankartak kokatu zirela dio. Halako kartelak fatxada nagusian jartzean “orokorra ez den kausa jakin bati atxikimendua eta babesa ematea da, Administrazio Publikoen objektibitate eta neutraltasun printzipioa urratzen du”. Horregatik, epaiak dio ezin dela adierazpen askatasuna alegatu. Etxarri Aranazko Udala aztertzen ari da Nafarroako Justizia Epaitegi Gorenean helegitea aurkezteko aukera. 30 egun ditu horretarako.

Adierazpena
Etxarri Aranazko Udaletik adierazi dutenez, estatuko abokatuaren apelazio-helegitea “juridikoki onartezina zen, auzitegiak demostratutzat eman baitzuen 2015eko txupinazoan ez zegoela udaletxeko fatxadan “Preso eta iheslariak etxera” leloa eta presoen argazkiak zituen pankartarik”. Guardia Civilaren txostenak berak horixe bera jasotzen zuela gaztigatu dute. Udaletik gogorarazi denez, aipatzen den pankarta kale batean zegoen, ez udaletxean. “Jarrita ez zegoela demostratzeak salaketa funtsik gabe utzi zuen.

Estatuko abokatuak esandakoaren kontra, Etxarri Aranazko Udalak gezurtatu egin du txupinazo egunean “ETA talde terroristaren aldeko” kartelak zeudenik. “Akusazio horrek ez du zerikusirik jatorrizko salaketaren edukiarekin eta pankartarekin. Beraz, apelazioak ez du inolako arrazoibide juridikorik, eta estatuko abokatuaren aldetik esku-hartze edo injerentzia politiko larritzat hartzen dugu hori”. Udaletik gogorarazi dute txupinazo garaian udaletxeko balkoian eta kalean “hainbat herritarrek eskuartean euskal presoak hurbiltzearen aldeko ikurrak zituzten. Ukaezina da herritarrek eskubide osoa dutela euren adierazpen-askatasun eskubidea libreki erabiltzeko, eta nahi dutena aldarrikatzeko”.

Nafarroako Parlamentuak dispertsioaren kontrako erakunde-adierazpena gehiengo osoz onartu zuela  gogorarazi dute udaletik; “dispertsioaren kontrako aldarrikapena giza-eskubideei lotutako eskaera da. Eskaera zilegia, legala eta baketsua”. Udaleko kideendako apelazioak botere bereizketa faltaren erakusle da, “interes politiko zehatz batzuei erantzuten diela epaiak, etxarriarrok eta, oro har, nafarrok bakearen, elkarbizitzaren eta askatasunaren alde hartua dugun bidean trabak jartzeko”.

PPk Etxarri Aranatzen duen zinegotzia, Juan Antonio Extremera Apestegiak, esan du “udaletxetan berriro ETAko presoen aldeko kartelak ez jartzeko popularrik zaindari” izanen direla. Gertaerak izan zirenean salatu zituela ere gogorarazi du.