Korrikak 20. ekitaldia bete berri duen honetan, euskaldun – zahar edo berri-, euskaltzale eta orokorrean euskal herritar orok bat egin dugu aldarrikapen mugimendu honekin. Ez da lorpen makala euskaldunok, guztiok bat eginik, kaleak hartzea argudioa edozein delarik ere. Kolore ezberdin gehienak biltzen dituen mugimendu bateratu bat lortzea. Ezbairik gabe, kolorerik gabeko abiapuntu komunak aurkitzea izango da Euskal gizartearen hurrengo urteetako erronka nagusietako bat. Azken aldian, ”errelato” edo kontaketa hitza ahoz aho dabilen honetan, argi eduki beharko genuke horrelako ahalegin konplexu eta poliedriko batek, nahi eta nahi ez, oinarri indartsu eta gogor batzuk beharko dituela. Pitzadurarik gabeko oinarri sendoak: Egia eta Aitortza. Kolorerik gabeko Egia eta Aitortza. Alde guztien Egia eta Aitortza.
1997. eko Korrikaren amaiera ekitaldira joan zait berriz ere gogoa. Bilbo, Martxoaren 23a, aldarrikapena, konpromisoa, koloreak eta ospakizuna ekarriko dizkio irakurle bati baino gehiagori bere oroimenak. Baina oroimenaren izaera apetatsuak gehiengo bati poza eta ospakizuna gogora ekartzen dion bezala, beste batzuoi gertakari eta bizipen gazi, goibel eta mingarriak ere dakarzkigu gogora. Aurten, 20. Korrika bete den honetan, beste urteurren tamalgarri batek lausotzen dizkigu begiak - batzuoi-.
Aurten 20 urte dira, Korrikaren azken eguneko ospakizun haren testuinguruan, Etxarri Aranazko gazte bat desagertu zela. Egun hau izan zen Josu Zabala Salegi, “Basajaun”, bizirik ikusi zuten azken eguna. Ia bi metro luze, sorbaldatik beheragorainoko txima luze hori-gorrixkak, eta gorputz tamaina deigarria zuen gaztea, ez zuen inork gehiago ikusi hiru egun luzez. Ez zuen hiru egun luzez inolako telefono deirik egin. Ez zuen hiru egun luzez autorik, trenik edo kotxerik hartu. Ez zen hiru egun luzez inoren etxe, taberna edo jatetxetan ikusia izan. Martxoaren 27an, punta Mendatako parajean, bihotzean tiro bat zuela agertu zen bere hilotza.
Kontaketa ofiziala:
Josu Zabala Salegi, “Basajaun”, ETA talde armatuko militanteak, bere buruaz beste egin du hiru egun desagertuta egin ondoren. Ertzaintzaren informe teknikoa bera agertu baino lehen eta inork eskatu gabe, zalantza guztiak argitze aldera, garaiko EAEko barne kontseilariak, Juan Mari Atutxak, kontaketa hau plazaratu zuen komunikabideetan.
Beranduago eman zen informe tekniko edo “atestatuak” lau datu aipagarri ematen zituen:
1-Josuren oinetakoetan zegoen lur eta lokatz laginak ez zetozen bat inguru haietako lurraren ezaugarriekin.
2-Horrelako kasuetan, bere buruaz beste egin duen pertsona baten kasuan, inguruan agertzen diren odol arrasto edo ohiko markak ez ziren ageri.
3-Erabilitako bala, jaurtikaria bera, ez zen inoiz inguruan aurkitu, ez eta beste inon ere, ondo miatu bazen ere.
4-Gorpuaren ondoan aurkitutako arma garbi zegoen. Ez zuen inoren hatz markarik, odolik edo ehun organikorik ere ageri; ez Josurenak ez inorenak- kargadoreak ere ez zuen inolako arrastorik ez hatz markarik-. Heriotza data bat zetorren eguneko ordu horiekin, beraz egiaztatu daiteke hiru egun luzez, bizirik baina mundu honetatik desagertua edota isolatua eman zituela . Desagertu zen egunean gainean zeramatzan giltzak,dokumentazioa eta dirua ez ziren inoiz, inon agertu .
Kontaketa ez ofiziala:
10. Korrikaren azken eguneko ospakizunetan murgildurik, Josu Zabala Salegik, “kontaktu” batekin hitzordua du Bilboko alde zaharreko “LaTortilla” tabernan. Topaketa honen segurtasunaz arduratzen den I. B. komando-kideak, mugimendu arraroak sumatzen ditu -lau pertsona susmagarri, bi txandalarekin eta bi trajearekin-, eta Josu ohartaraztera abiatzen da. Ez du inoiz gehiago bizirik ikusiko. Josuk ez du inoiz kontaktuarekin bat eginen. Taldeak erabiltzen duen etxean ez da agertu. Baditu baliabide ezberdinak, logistikoak baita ekonomikoak ere, baina ez ditu inongo momentutan erabili. ETA talde armatua familiarekin eta hainbat komunikabiderekin harremanetan jartzen da eta Josu segurtasun indarrek bahitua izan dela argi azaltzen du desagertu ondoko egunean.
Ondorengo lerroak hizki etzanez idatziko ditut batzuon ustean besterik ez direlako oinarritzen eta argi utzi nahi dudalako hau horrela izan zela frogatzen duen inolako datu erabakigarririk ez daukagulako. “Usteak erdiak ustel” dio esaera zaharrak; baina eta beste erdiak? Josu hiru polizia gorputzetako -Guardia Zibila, Polizia Nazionala edo Ertzaina – baten eskutik, edo batzuen arteko elkarlanagatik, bahitua izan ondoren hiru egun luzez torturatua izan da. Hirugarren egunean baso batera eramaten dute 4x4 auto-talde batean, eta bertan bihotzean tiro ematen diote.
Han geldituko dira bere odol markak eta bala bera ere. Hangoak izanen ziren oinetakoen lur arrastoak. Ondoren punta Mendatara eramaten da bere gorpua, eta pistola ondo garbitu ondoren bere alboan uzten da- baita erabilitako “kaskilloa” ere-, hurrengo egunean mendizale batzuk aurkitzen duten arte. Josuren gorpua, odol markarik gabe eta lur arrotzez zikinduriko oinetakoekin. Familiak inguru haietakoa den bizilagun baten lekukotza du: gau hartan hiruzpalau mendiko auto ikusi zituela inguru haietan eta harritu egin zuela gertakariak; han, ordu horietan, auto gutxi ibili ohi direla eta are gutxiago taldean.
Hona hemen bi kontaketa bateraezin .Berorrek irakurle, jakingo du txanpon honen zein aldetara egin duen buruak eta zeinetara bihotzak.
Edo buruak alde batera egin duen eta bihotzak bestera. Berorrek bakarrik jakingo du barnean zer mugitu zaion. Istant motz, sakon eta bakarti horretan zer mugitu zaion, hitzen mozorroarekin, iritzi bat eman baino lehen.
“Guda batean egia da lehen biktima”. Herri honetan, orokorrean, kontaketa baten aurrean edukiaren koherentzia edo mamiari erreparatu beharrean, bizi izan ditugun garai ilunez kutsatuak gehienetan -edo kutsatuak izan nahi ez genuelako besteetan-, kontakizun honen igorlea lehenetsi dugu. Garai ilun hauen amaieran gaudela dirudien honetan, egunsentiaren lehen distirak sentitu ditzakegu: Egiaren ordua iritsi da. Badirudi, azken aldian behar neurrigabe bat dagoela kontaketa edo “errelato” bat egite aldera. Baina zalantza daukat ez ote garen etxea teilatutik abiatzen ari.
Gainera, oro har, teilatu horren teila gehienak, alde bakarrean ikustera ohitu zait edo didate begirada; eta zergatik? Lehenik eta behin, teila horien ardura, egiaren eta aitortzaren gainean eraiki delako,hots, norbaitek bere ekintzen ardura hartu du; ondorioz ekintza hauek pairatu dituzten pertsonak errealitate batean oinarritzen den aitortza jasotzeko aukera dute. Errealitate tristea,egia ankerra, egia gaitzesgarria… baina egia azken finean, eta egiaren kaletik, aitortzaren plazara helduko gara,eta plaza honetan kontaketa duin bat egin ahal izango zaio herriari.
Inolaz ere alderantziz;kontaketaren bidetik aitortzetara hurbildu eta errealitatea ondorioztatu. Baina norbaitek mugimendurik sumatu al du teilatuaren beste aldean? Azken 80 urteetan milaka tortura denuntzia eta ehunka desagertu egon diren herri honetan norbaitek hartu al du haien ardura .Ez dakigunok hitz egiteko beharra daukagu eta dakitenek ez dute hitz egin nahi. Alde bietatik borondate bera al dago egia eta aitortzaren bilaketa sakonean? Non dago egia? Nork hartzen ditu etxearen alde laiotzeko teilen ardura?Teilatu bakarreko etxea eraiki nahi al da? Zertarako, bake ponentzia, talde, begirale internazional eta eragile ezberdinen lana bakea bermatzeko, etxe honetan egia bera denean bermatua ez dagoena?
Galdera askotxo kontaketa azkar eta “pret-a-porter” bat egin nahi duten horientzat; agian gehiegi. Handia behar du izan alde bati zein besteari kontuak eskatzea, ongiaren eta gaizkiaren gainetik dauden horientzat eta beraien gorputz gardenak duintasunaren eta zuzentasunaren atorra distiratsuaz babesturik dutenentzat. Nik ere nahi nituzke horrelako segurtasunak eduki. Baina gorputz guztiek, gardenenek ere, atorraren azpian lotsa-gorritzeko moduko orbanen bat izan ohi dute gure herrian eta gure egoera beretsua bizi izan duten beste herri batzuetan ere. Eta guztiek diodanean ,guz-ti-ek esan nahi dut.
Kontaketaren harira, biktima izatea “pribilegio” makabro bat bihurtzen gabiltzan irudipen deseroso eta tristea daukat. Irudipena daukat, alde bati behintzat, inork ezingo diola aurpegiratu egindako ekintzen erantzukizuna hartu ez izana, gertakari lotsagarri,gogor eta ankerrenetan ere -ekintza hauen ondorioak triste eta mingarriak izanik ere-. Nire uste apalean, norberaren ekintzen erantzukizuna onartzea da nahitaezko edo gutxieneko baldintza, bakoitzari dagokion -badagokio-, aitortza eta biktima izaera, beharko lukeen bezala, gizarte oso baten babes eta oniritziarekin jaso ahal izateko; izaera mingarri honek behar eta eskatzen duen duintasun osoarekin behinik behin.
Beste aldean berriz, erantzukizun hauen lurperatzean eta esku garbiketan hartu dira lan gehienak, eta denborak, baita gutxi batzuen lan irmoak eta ez beste ezerk, azaleratu ahal izan ditu kasu gutxi batzuk -ez baina hauen erantzukizunak edo erantzuleak-. Agian hau izan daiteke kontaketa “ofizial” bat azaleratzeko orduan, batzuoi nabari zaien presaren arrazoietariko bat, ez dakit. Egindakoaren aitortza ez dagoen bitartean edo gertakarien azalpen “ofizialari” horrenbeste hutsune, zalantza eta alde ilun nabarmentzen zaizkion bitartean, familia batzuek 20 urte luze daramatzate garai hartako errealitate logikoarekin bat datorren kontaketa baten atzetik, lan neketsu bezain antzuan -gaur egun arte bederen-; eskubide soil baina oinarrizko baten zain: Egia eta Aitortza.
Egia bada guda baten lehen biktima egia dela, gezurrak behar du izan bake garaiko biktima nagusi eta bakarra. Gezurren gainean ixten den zauriak ez du bakerik emango. Egia nahi dugu; bakoitzari sor zaion aitortza, hauek baitira kontaketa duin eta sendo bat ahalbideratuko duten baldintzak eta hazi bakarrak. Herri honek bakea behar eta nahi du… eta bakeak egia.
”Haltzak ez du bihotzik/ez gaztanberak hezurrik/ez nian uste erraiten ziela aitunen semek gezurrik[…]Hik bahiena semerik Bereterretxe besterik? Ezpeldoi attian duk hilik; habil eraitzan bizirik” Bereterretxen kanthoria (XV.mendea).
Urte luze hauetan zehar, egiaren bila etengabe ibili diren familia guztien omenez eta bereziki Josu Zabalaren sendi eta lagunei: Egiaren sustraiez pizturiko bakearen su epelean elkartuko gara laster… etxearen alde laiotzean.